Prentsa

Prentsa

Euskara ikasteko eta gidabaimena euskaraz ateratzeko diru laguntzak, Bermeon

Eskaerak aurkezteko epea urriaren 31ra bitartean zabalik dago
Euskara ikasteko eta gidabaimena euskaraz ateratzeko diru laguntzak banatuko ditu aurten ere Bermeoko Udalak eta eskaerak aurkezteko epea urriaren 31ra bitartean zabalik dago. Laguntzen eskaerak, beraz, bulegoan egin daitezke.
Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko Euskara zinegotziak adierazi duenez, laguntzen hauen helburua da "euskara ikasten ari diren Bermeoko bizilagunei erraztasunak ematea, matrikula ordaintzea eragozpena izan ez dakien euskara ikasteko".
Ildo horretan, zehaztu duenez, euskara ikasteko diru laguntzen onuradunak izango dira ikasturtean edota udan homologaturik dauden euskaltegi edo barnetegietan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak.
Eskatzaileek, besteak beste, honako baldintza hauek bete behar dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta hasten den ikastaroa bukatzea.
Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko diru laguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. "Ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 euro jaso ahal izango dituzte", gaineratu du.
Era berean, Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileei matrikularen %70eko diru laguntza emango zaie gehienez, eta diru laguntzaren xede den ikasturte barruan langabezian daudenei %60, gehienez. Gainontzeko ikasleei, gehienez, matrikularen %50 ordainduko zaie.
Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen diru-laguntza hauek bateragarriak dira HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten diru laguntzekin.
Bestalde, gidabaimena euskaraz prestatzeko diru laguntzei dagokienez, Agirrek adierazi du helburua dela Bermeoko bizilagunen bizitzaren arlo guztietan euskararen erabilera normalizatzea eta euskararen erabilera sustatzeko udalerriko eragileekin batera ekimenak eta programak bideratzea.
Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 150 euroko diru laguntza jasoko dute. Diru laguntzak jasotzeko baldintzak honako hauek dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda eta gaindituta izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.

EL CORREO

11 / 10 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0