Prentsa

Prentsa

Arnasguneek aitzinera egiteko gakoak adosten saiatuko dira elkarlanean

UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak jardunaldiak antolatu dituzte azaroaren 22rako, Donostian. Ikertzaile, politikari eta eragile sozialek elkarrekin hausnartuko dute arnasguneen erronkez.

"Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak" izenburua izanen dute UEMAren eta Soziolinguistika Klusterraren jardunaldiek. Donostiako Ibaetako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan eginen dira, azaroaren 22an, egun osoan. Atzo aurkezpenean azaldu zutenez, trakzio lana egiteko funtzio garrantzitsua aitortzen zaie arnasguneei. Baina, zabaltzen ahalegindu arren, gibelera doaz, batez ere erabileran. Hori aldatzeko hizkuntza politika eraginkorrak jarri nahi dituzte martxan, eta horretarako gakoak adostea da jardunaldion helburua. Ikertzaileak, arduradun politikoak eta eragile sozialak gonbidatu dituzte.
Ikerketa lerro eta hausnarketa baten jarraipena izanen dira jardunaldiak. Ideiak eragileekin partekatzea da asmoa, aurrerapauso bat emateko. Udalerri euskaldunak ez dira homogeneoak; ezberdintasun handiak daude batetik bertzera. Batzuk goian daude erabilerari dagokionez eta bertzeak ez hainbertze. Horren adibide da Bermeo eta Ondarroa konparatuz egin duten ikerketa, jardunaldietan aurkeztuko dutena. Bietan ezagutza bera izan arren, sekulako aldea dago erabileran.
Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariak gidatutako bertze ikerlan bat ere plazaratuko dute. Bertan UEMAko udalerri guztien kale erabilera neurtu dute, eta 80 bat herritako datuak jaso dituzte.
Hitzaldi eta mahai-inguruez gain, partekatzeko guneak eskainiko dituzte. Kafea hartzeko tartean eta bazkalorduan herrietako esperientzia zehatzak eta iritziak trukatzea da ideia. Hala, hainbat ertzetatik begiratuta, euskararen ekosistemaren argazki ahalik eta osoena ateratzen saiatuko dira. Mikel Zalbide euskaltzaina izanen da hizlarietako bat. Lexikoan eta terminologian aditua da eta arnasguneen inguruan ikerketa sakonak egin ditu. Etorkizuneko gakoak emanen ditu jardunaldietan. Iñaki Agirreazkuenagak, bestalde, administrazio eta lege aldetik dauden traba eta aukerak aztertuko ditu. Unai Fernandez de Betoñok lurralde antolaketaren eta hirigintzaren begirada ekarriko du eta Alberto Barandiaranek, hedabideena. Arrakastatsuak izan daitezkeen arloak arakatu eta puntu komunak bilatuko dituzte. Izena emateko epea zabalik da, soziolinguistika.eus/jardunaldia webgunean.
ZUMAIA, ONDARROA
Mahai-inguruan bilduko dira, Alberto Barandiaran eta Unai Fernandez de Betoñorekin, Zumaia eta Ondarroako bi ikertzaile, euskararen egoera osasuntsuaren elementuak azaltzeko.

GARA

11 / 10 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0