Prentsa

Prentsa

Elkartasunak bete du Artza

Zapatuan, goizean hasi eta gauera arte, dantzan ibili ziren herritarrak Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuaren alde. 7.000 eurotik gora batu dituzteDantzan dakitenak eta ez dakitenak, umeak, gazteak, nagusiak zein helduak. Helburu bakarragaz batu ziren zapatuan Bermeoko Artza frontoian: gaixotasun arraroak dauzkaten umeen familiei elkartasuna adieraztea. Dantzan egin ez, eta kuxkuxean aritu ziren lagun asko ere batu ziren bertan, eta Bermeoko jendeaz gain, inguruko herrietako jendea ere heldu zen.
Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuaren aldeko jaialdia ospatu zuten zapatuan. Kate Sarea elkarteak eta gaixotasun arraroak dauzkaten Bermeo eta Mundakako umeen familiek bultzatu dute proiektua.
Bilbo Salsa elkarteak antolatuta, goiz goizetik hasi ziren dantzan. 28 dantza taldek parte hartu zuten jaialdian; Bermeo, Mundaka, Bilbo, Gasteiz eta Donostiako taldeak denak ere. Jaialdian parte hartu zutenek, gainera, mota ezberdinetako dantzak ikasi eta praktikatu zituzten: euskal dantzak, line dance, zumba, kubatar saltsa, bachata...
Umeek bere lekua
Frontoi ondoan, antzinako arrantzaleen kofradiak ere ateak ireki zituen zapatuan. Umeentzako gunea han kokatu zuten. MB 2000 elkarteak eta Bermeoko Gurutze Gorriak 12 urtera bitarteko umeei zuzendutako tailerrak eskaini zituzten. Bertaratutako umeek, besteak beste, eskulanak eta marrazkiak egin zituzten MB 2000 elkartekoekin. Gurutze Gorrikoekin, berriz, lehen sorospenak egiten ikasi zuten. Ikastaroa egin zutenek, diploma bana jaso zuten, gainera.
Jaialdia "oso ondo" joan zela esan du Bilbo Salsa elkarteko arduradun Ernesto Miarik. "Pozik" dago jendearen erantzunagaz, eta "pozik" dago, baita, hainbat familiari laguntzen ari delako. "Nire semeentzako eredu izan nahi dut. Eta eredua, nire ustez, ez da esaten dena, egiten dena baizik".
Zerbait solidarioa egin gura zuela argi zuen Miarik, eta Habana 537 taldeko zuzendariagaz batera zerbait prestatzen hasi zen. Hala ere, hasieran ez zekiten jaialdian batutako dirua nora bideratu. Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuaren berri eduki zuenean jaialdi solidarioan batutako dirua eurentzat izatea erabaki zuten.
Umeen tailerretan batutako dirua gehitzea falta dute, baina dantza jaialdian eta Habana 537ren kontzertuan 7.000 euro baino gehiago batu dituztela jakinarazi dute.

HITZA

14 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0