Prentsa

Prentsa

Bermeoko Udalak jolasgune estaliaren beharrizanak aztertuko ditu herritarrekin

Jolasgune estalia egiteko lekua aukeratuta dauka Bermeoko Udalak, eta aukera ezberdinak aztertu ostean, jolasgune berri bat izango dela jakinarazi dute. Oraindik, baina, ez dute kokapenaren berri eman gura izan, datorren eguazteneko (Azaroak 22) parte hartze tailerrean azalduko baitute aukeratu duten lekua eta zergatik aukeratu duten. Jolasgune estalia egiteko proiektuaren beharrizanak, hala ere, herritarrekin batera aztertu gura dituzte.
Ortuzar, Bideguren eta Allika parte hartze tailerrari buruzko azalpenak ematen
Aurrekontu parte hartzaileen prozesuan boto gehien izan zuen proposamena izan zen umeentzako jolasgune estaliarena, eta udalak aurrera darrai proiektuarekin.
Gunea erabakita badaukate ere, eguraldi txarragatik babesteaz gain, proiektuak asetu behar dituen beharrizanak jakin gura dituzte, horregatik antolatu dute parte hartze tailerra. Datorren eguaztenean egingo dute, 18:00etan, Gizarte eta Kultura Etxean. Tailerra, gainera, familian egiteko jarduera ireki modura planteatu dute, hau da, gurasoek eta sei urtetik gorako umeek parte hartu ahalko dute. Hala ere, gura duten herritar guztiek parte hartzeko aukera daukate.
Tailerraren hasieran, adinen arabera banatuta, taldeka lan egingo dute. Amaieran, berriz, tailerraren ondorioak zehazteko, umeek eta nagusiek batera egingo dute lan, jolasgune estalirako beharrak azalduz. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azaldu duenez, umeekin parte hartze tailerra egingo duten lehenengo aldia izango da, eta "polita" izan daitekeela uste du.
Aurreproiektua aurkeztu. Udal arkitekto Goio Allikak esan du, jolasgune estaliaren aurreproiektua ezagutzeko aukera edukiko dutela bertaratutakoek, han aurkeztuko baitute.
Tailerrean honakoak landuko dituzte, besteak beste: zelako jolasak ezarri nahi diren, horien funtzioak, ze adinetako umeei egongo diren zuzenduta, estalkia nolakoa izango den, umeek gustuko dituzten elementuak, jagoleen beharrizanak...
Herritarrek iritziak eman ahalko dituzte, zalantzak argitu eta ekarpenak egin ere. "Horiek guztiak kontuan hartuko dira", esan du Allikak.
Tailerraren ondorioak aztertu ostean, behin-behineko aurreproiektua landuko dute, eta erakusketa publikoa egingo dute. Abendurako erakustea aurreikusten dute. Jolasgune estalia datorren urteko lehen hiruhilekoan egitea aurreikusten dute.
Herritarrak gonbidatu dituzte datorren eguazteneko tailerrean parte hartzera, "herritarren beharrizanei erantzun egokiena emango dion proiektua adosteko".
Akordio baten emaitza. Parte-hartze prozesua Guzan eta udal gobernuak elkarlanean garatu dute, euren arteko akordio baten emaitza baita.
Guzaneko ordezkari Xabier Ortuzarrentzat "garrantzitsuena" da herritarrek eurek aukeratu dutela aurrekontuen zati bat non gastatu, "erabaki ahal izan dute". Parte hartze prozesua "hobetu" badaiteke ere, "abiapuntua" izan dela deritzo.

HITZA

17 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0