Prentsa

Prentsa

Euria, giro ederra eta festa

Koloretsu koloretsuak ari dira izaten Inauteri festak Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean. Lotsak alboratu edo alboratzen saiatu, eta mozorroak jantzita atera dira herritarrak kaleraEuriak baldintzatutako inauteri koloretsuak izaten ari dira aurtengoak. Eguraldiak jarritako oztopoak gaindituz, mozorroz, musikaz eta dantzaz busti dira herriak asteburuan.
Herrietako txokoetan giro polita sortuz, tradizioak agintzen duen legez, Mundakan, abestiz eta orroz girotu zituzten kaleak ator eta lamiek domekan. Gernika zientzilariz bete zen barikuan, eta Bermeo, Busturia eta Ajangizen Lantzeko inauteriak ospatu zituzten zapatuan. Bertan ikusgai egon ziren Miel Otxin, Ziripot eta Zaldiko bezalako pertsonaiak. Kalejiran herriko kaleak girotzen ibili ostean.
Goizez jarri zen Mundakan giroa martxan domekan, baina euriak eraginda, kalejiraren ibilbidea moldatu behar izan zuten ator zein lamiek. Ondorioz, giroa herriko plazako arkupera mugatu zen. Hala ere, euriak ez zituen jendearen aurpegiak ilundu, eta ozen abestu zuten mundakarrek. Jai giroa nagusi zen herrian, eta mozorro original eta landuak ikusgai zeuden kalean.
Inauteriak aitzaki hartuta, Tostada txapelketa ere ospatu zuten domekan, Bermeon. 36 tostada aurkeztu ziren Haitz Nagusijek taldeak antolatutako txapelketan; hamazazpi ahiezko tostada eta hemeretzi ogizkoak. Ahiezko tostadetan txapelduna Rosa Mari Ortuzar izan zen, eta ogizko gozoenak Nagore Gaubekak egin zituen.
Mozorro dotoreak
Lotsak alboratu edo alboratzen saiatu, eta mozorroak jantzita atera ziren inauteri zapatua ospatzera Aulestin, Ondarroan, Lekeition eta Mutrikun, besteak beste. Aulestin, Torrezelain batu ziren goizean herritarrak, eta plazaraino joan ziren kalejira alaian. Ostean, kuadrillek antzezpena egin zuten. Lau talde aritu ziren zeukaten onena ematen, eta ikus-entzuleek ondo baino hobeto pasatu zuten. Azkenean, hiru sari banatu zituzten: gazteentzako saria The Luckysek eskuratu zuen; nagusien saria Artaburu kuadrillarentzat izan zen; eta hirugarren saria, jantzi originalarena, Maialen, Janire eta Iratxek irabazi zuten, estatua mozorroagatik.
Triki-pandero kalejiran atera ziren eguerdian Kresala kultur elkartekoak Ondarroan, eta Kantaize Orfeoiak eta Metal Taldeak ere kantujira pirata egin zuten kalez kale. Iluntzean, berriz, Lantzoiari ongietorria eman zioten ehunka lagunek danbor hotsei eta txarangari jarraituz. Lekeition, Aratuste Alai estudiantinagaz kalejiran aritu ziren, eta Lekitto Musika Bandak kontzertua eman zuen Nautika aurrean. Mutrikun ere ez zen falta izan gorputzak astintzeko aukerarik: mozorro festa egin zuten Zabielen txikitxoenek, eta Gure Ametsa dantza taldea, txistulariak eta trikitilariak emanaldia egin zuten Beheko Plazatik hasita.
Arratsaldean ere izan ziren ekintzak han-hemenka. Etxebarrian eta Markina-Xemeinen kalejira egin zuten. Frontoian bildu, eta herrian zehar atera ziren etxebarritarrak trikiti doinuak lagun, eta frontoira bueltan, sari banaketa egin zuten. Markina-Xemeinen, Lantz inauterien kalejira egin zuten Zerutxu dantza taldeak antolatuta. Xemeindik atera, eta giro politean aritu ziren dantzan.
Euriak ez zuen atsedenik eman domekan Markina-Xemeinen eta Berriatuan, eta inauterietako ohiko egitarauan aldaketak egin behar izan zituzten markina-xemeindarrek. Halere, umoretsu eta gogotsu atera ziren kalera aurreko hilabeetan prestatutako mozorroak erakusteko.
Eguraldiaren iragarpena ikusita, Zelaian egitekoa zen Zaldi Zinta Jokoa bertan behera geratu zen, eta mozorro kalejira ere Zelaiaren bueltan eta alde zaharrean zehar barik Plazabarripean egin behar izan zuten Markina-Xemeinen. Hala ere, giro onik ez zen falta izan, eta talde eta banakoak festarako gogoz, Kuklux txarangagaz dantzan ibili ziren eguerdian.
Plazabarripean banatu ziren iluntzean, mozorro lehiaketako sariak. Irudimena eta sormena nagusi izan ziren mozorroen artean. Arraunlariak eta Elefanteak irabazi zituzten nagusien mailako sari nagusiak, gaztetxoenak, berriz, Scooby Dook eta Koheteek eraman zituzten.
Markina-Xemeingo inauterietako protagonistak ere ez zion hutsik egin jaiari, eta eguneko aterrune bakarretakoa aprobetxatuta atera ziren kalera Zerutxuko dantzariak Hartzagaz batera, Zaragi Dantza egiteko. Kiroldegia ere bete egin zen eguerdian. XAT-ek antolatzen duen bazkarian 500 lagun elkartu ziren.
Berriatuarrek frontoiaren babespean ospatu zuten inauteri jaia. Bazkari herrikoia eduki zuten, eta 180 lagunek bazkaldu zuten antolakuntzak prestatuko mahaietan. Bapo janda, lehiaketa albo batera utzi, eta mozorro festa egitea erabaki zuten. Marilyn Monroe ere Berriatuan egon zen atzo, bai eta Pirata, Pitufo eta Super heroiak ere, eta Charlot-ek ere ez zuen ospakizuna galdu nahi izan.
Jaiak ez du etenik izango gaurkoan ere.

HITZA

13 / 02 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0