Prentsa

Prentsa

Bi eskualdeetako atletentzat dominez beteriko asteburua izan da

Taraskakoek bina podium lortu dituzte Euskadiko disko eta xabalina txapelketetan. Gernika ATko Cisnerosek eta Asturiasek zilarra eta brontzea lortu dute xabalinanProbaz beteriko asteburua izan da Lekeitioko Tximista, Bermeoko Taraska eta Gernikako Atletismo Taldearentzat.
Zapatuan Durangoko pistan jokatu zuten disko jaurtiketako Euskadiko Txapelketa, eta domekan, berriz, Getxoko Faduran lehiatu zuten xabalinakoa. Azkenik, Euskadiko Kros Txapelketa lehiatu zuten domekan, Amurrion.
Batean zein bestean emaitza onak lortu dituztela eta, pozik daude aipatu hiru taldeetako arduradunak.
Xabalina jaurtiketako Euskadiko Txapelketan Taraskako Izaro Egibarrek zilarrezko domina eskuratu zuen kadeteen mailan, eta, gazte mailan, berriz, brontzea irabazi zuen Garazi Lertxundik. Azken maila horretan, podiumetik gertu geratu ziren Oier Rodriguez eta Lorea Erekatxo; biak ala biak laugarren sailkatu ziren.
Gernikako Atletismo Taldeak lau ordezkari eduki zituen xabalina txapelketan. 20 urtez azpikoetan, Asier Cisnerosek zilarrezko domina eskuratu zuen, eta Jon Ander Asturiasek, brontzezkoa.
Horien modalitate berean lehiatu zen Afrika Batiz. Hala, seniorretan aritu zen Irantzu Gonzalezek bere marka hobetzea lortu zuen.
Zapatuko disko jaurtiketaren txapelketari dagokionez, kadete mailan parte hartu zuen talde bermeotarrak. Garazi Ormaza bigarren geratu zen, eta Izaro Egibar hirugarren. Emaitzak oso onak izan direla eta, pozik daude Bermeoko atletak.
Krosa
Aipatu txapelketez gain, krosean ere lehiatu dira bi eskualdeetako atletak asteburuan. Eskolartekoan Abadiñoko krosean parte hartu zuten hainbat kategoriatan, eta federatuak Euskadiko Kros Txapelketan lehiatu ziren domekan. Amurrion eduki zuten hitzordua azken horiek.
Euskadiko Kros Txapelketan, esate baterako, Tximistako Aiora Agirregomezkorta 18 urtez azpikoen kategorian laugarren sailkatu zen. Ondorioz, markina-xemeindarrak Euskal Selekzioagaz Espainiako Txapelketa jokatuko duela azaldu dute Tximistako ordezkariek. Murtzialehiatuko dute martxoaren 3an.
Halaber, 16 azpikoen gizonezkoen mailan zilarrezko domina janztea lortu zuen Durangaldea Running taldean dagoen Jonan Bilbao atleta markina-xemeindarrak.
Gernika Atletismo Taldeak ere emaitza onak lortu zituen Amurrion.
Kategoria guztiak kontuan hartuta, 50 bat atletek parte hartu zuten. Horien artean, Aitor Uriartek, Eneko Zabalak, Yon Tamiratek, Patrick Saituak eta Ibon Bilbaok osatu zuten senior taldea, eta taldekako sailkapenean hamargarren postuan geratu ziren.
Juniorretan ere lan bikaina burutu zuten Mikel Goitiak, Ager Badiolak, Mustapha Hejjouk, Mikel Ibarrak, Paul Gomezek eta Daniel Jauregik.
Beste alde batetik, nesken gazte mailan Taraskako Itziar Olondo Ferro 30. postuan sailkatu zen, 21:40.00 denbora eginda, eta Naia Muniozguren Gondra, berriz, 56. postuan (27.50.00).
Dayannara Mariscal Yepesek ere parte hartu zuen, eta nesken kadete mailan Ainhize Picado Castillok egin zuen arineketan.
Bi aste barru, Donostian
Busturialdeko zein Lea-Artibaiko atletek hilabeteko azken asteburuan Donostiako Belodromoan dute hitzordua. Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute, pista estaliko denboraldia bukatuz.

HITZA

13 / 02 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0