Prentsa

Prentsa

Herritar nagusiek gimnasia egiteko gunea eraikiko dute Andra Mari kalean

Bermeoko Udala, udalerriko alde zaharra biziberritu eta edertzeko plangintzaren barnean, orube hutsak eta gune publikoak berreskuratzeko lanean ari da.
Plangintzagaz aurrerapausoak ematen ari direla nabarmendu dute. Horrela, Andra Mari kaleko orubea egokitzeko lanak egingo dituzte, pertsona nagusiek gimnasia egiteko gune bat sortuz bertan. Irune Ormaetxea Bermeoko Urigintza zinegotziaren berbetan, alde zaharrari bizi berri bat emateko apustu horretan 'beste pauso bat' emango dute modu horretara.
Zehazki, Beruala ondoan kokatuta dagoen lorategia txukundu eta edertzeko lanak egingo dituzte, aipatutako kirola egiteko gunea eraikitzeaz gain.
Lanekin, udalak 'helburu bikoitza' duela nabarmendu du Ormaetxeak: 'alde batetik, orube bat berreskuratuko dugu, gune hori txukunduz eta edertuz; eta, bestetik, pertsona nagusiek kalean gimnasia egiteko gune bat izango dute, bertan ariketa fisikoa egiteko hainbat aparatu izango baitituzte'.
Santi Murua Berualako zuzendariak proiektuaren inguruko zehaztapenak eman ditu. Lehenik gunea garbitzeko lanak egingo dituzte, ostean landare usaintsuak landatuz bertan orubea edertzeko helburuagaz. Kirola egiteko tresnei dagokionez, nagusiek gimnasia egiteko bereziki sortutako aparatuak jarriko dituzte.
Jakitera eman dutenez, lanak gaur hasiko dituzte. Bi eta hiru aste bitarteko iraupena edukitzea aurreikusten dute. Ormaetxeak herritarraei gune hori 'errespetuz eta arduraz' erabiltzeko eskaera egin die, 'egoera egokian mantendu ahal izateko'.
Zaharrari bizi berri bat ematen. Andra Mari kaleko lanekin batera, etorkizunean alde zaharrerako beste ekimen berri batzuk prestatzen ari direla zehaztu du zinegotziak. Esaterako, Talakoetxea kaleko kableak lurperatuko dituzte, eta beste orube batzuk berreskuratzeko lanei ekingo diete.
'Orubeen jabeekin harremanetan gaude, erabileraren lagapena egiteko eraikitzen ez duten bitartean, guk gune horiek txukundu eta edertu ahal izateko eta herritarrek erabilera eman ahal izateko', azpimarratu du Ormaetxeak.
Etorkizunerako pentsatutakoekin batera, dagoeneko egindako lanak zeintzuk diren gogoratu ditu. Izan ere, herritarrekin egindako parte hartze tailerretan, portua eta Talaren arteko lotura indartzeko beharrizana nabaritu zuten.
Horri lotuta, dagoeneko egin dituzten ekintzak aipatu zituzten: Talakoetxea 2ko orubea berreskuratu eta bertan murala margotzeko lanak, Irakaskintza kalean estalkia jarri dute, Talan baleontziei buruzko murala margotu dute, EHUrekin hitzarmena sinatu zuten ikasleek alde zaharreko orube hutsetan proiektuak lantzeko, eta Hurtado de Mendoza kaleko orubea berreskuratu eta bertan Bekoportale proiektua martxan jarriko dute laster.
'Alde zaharraren biziberritzea gure lehentasuna da eta lan horretan buru belarri gaude, lan asko egin dugu eta egingo dugu etorkizunean ere bai' esanez bukatu du Ormaetxeak.

HITZA

18 / 02 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0