Prentsa

Prentsa

Turismoari beste ate bat zabaltzeko ibilbide geologikoak antolatu dabez Bermeon

Bermeoko Turismo bulegoak eta Naturtek kooperatibak alkarlanean ibilbide geologikoen programa barria antolatu barri dabe, Bermeon. Ekimen honen bitartez, kostaldeko herrira heltzen diran bisitariei, eta baita herritarrei eurei be, «turismoa egiteko eta bertoko inguruaz gozatzeko» beste modu barri bat zabalduko jake.

Ibilbide geologikoen eskaintza datorren domekan (12.00etan) egiten hasiko dira. Egun horretan, izan be, 'Talapeko marearteko zabalgunea eta arroka bidaiariak' ezagutzeko aukera egongo da, Ekaitz Uriarte eta Francisco Javier Gorriño aita-seme geologo bermeotarren eskutik.

«Urruneko herriei jagokez harri bidaiariak; horra hor Galizia, Bretainia eta Ingalaterra, besteak beste. Harri igneoak eta metamorfikoak deritxeguz eta itsasontziek, euren egonkortasuna hobetzeko, lasta moduan ekarritakoak izan dira», argitu dabe Naturtek geologoen kooperatibatik.

Bermeo inguruko beste altxor geologikoak be agerian geratuko dira laster, ekimen turistiko honen bitartez. Hilak 24an (11.00etan), esate baterako, 'Aritzatxuko olistolitoen ibilbidea' egitea aurreikusita dago. «Hondartzaren aurrealdetik irristatutako antzinako arrezifeen kareharrizko zatiak ikusteko aukera izango dogu bisita horretan», aurreratu dau Francisco Javier Gorriño geologoak.

Puntu ezezagunak

Kanpora urten beharra euki barik, Bermeo inguruan be «interes handiko» eta «harriagarriak» diran puntu geologikoak dagozala baieztatu dabe egitasmoaren antolatzaileek. «Historian zehar asko aldatu dira eta ibilbideen bitartez, orain dala miloika urte zelakoak ziran ezagu-tzeko aukera eukiko dau jendeak. Gure kostaldean guztiz ezezagunak diran izaera geologiko harrigarriak daukaguz», azpimarratu dabe, gainera.

Horretariko bat da Bermeoko flysch baltza eta horren ganeko ibilbidea, izan be, abenduaren 7an (11.00etan) egingo da, gazteleraz. Programaren ibilbideak egiteko interesa euki ezkero, daborduko emon leike izena Bermeoko Turismo bulegoan bertan zein turismoa@bermeo.eus helbidera idatzita edo 946179154 telefono zenbakira deituz. Urteerak doan dira.

EL CORREO

https://www.elcorreo.com/temas/lugares/bermeo.html

12 / 11 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0