Prensa

Prensa

Antzinako Azokak eta Azalien asteburu kulturalak beteko dituzte Bermeoko asteburuak urrian

Antzinako Azoka ospatuko dute urriaren 19an eta 20an. Barrueta Arte Elkarteak antolatutako Azalien asteburu kulturala, berriz, hirugarrenez egingo dute 25ean, 26an eta 27an.

Bermeoko Udalak urriaren azken erdirako prestatu dituzte ekimen kulturalen berri eman du. Dagoeneko udalerriko egitarauean ohikoak bilakatu diren Antzinako Azoka eta Barrueta Arte Elkarteak antolatutako Azalien asteburu kulturalak zer edo zer egin ekarriko du kostako herrira urriko asteburuetan.

Gaur goizean batu dira Alazne Zumeta Bermeoko Kultura zinegotzia, Pedro Lazpiur Barrueta Arte Elkarteko presidentea eta Nerea Gazaga eta Rosa Mari Gabantxo elkarteko ordezkariak ekimen horien berri emateko.

Antzinako erara biziberrituz. Antzinako Azoka urriaren 19an eta 20an ospatuko dute. Udalak Napar Bideak kooperatibagaz batera antolatu du egitasmoa; aurtengo azokara hurbiltzen diren herritarrek “40 salmahai baino gehiagoz gozatzeko aukera” izango dutela nabarmendu du Zumetak. Azokak zapatuan 10:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara irekiko ditu bere ateak. Domekan 10:00etatik 15:00etara zabalduko dituzte salmahaiak.

Horietan era guztietako produktuak dastatu eta erosteko aukera izango dute bermeotarrek zein beste herrietatik etorritakoek; gazta, hestebeteak, eztia, bitxiak, txokolatea, loreak, narrua, zilarra, kremak, xaboia, buztin eta zeramika lanak edota arropak egongo dira Alde Zaharretik banatuta egongo diren saltokietan, besteak hainbat produkturen artean.

Azokako salmahaiak ez ezik, hainbat jarduera eta ekimenez gozatu eta horietan parte hartzeko aukera egongo da. Izaro Abesbatzeko kideek Alde Zaharra girotuko dute beraien kantuekin egingo duten kalejiragaz. Santa Maria elizako arkupeak Arku Tiroaren Bermeoko taldeak egingo duen ekimena hartuko du bere baitan. Etxeko txikienentzako ekimenak ere egingo dituzte: zeramika tailerretan parte hartu eta egurrezko jokoekin ondo pasatzeko aukera edukiko dute.

Antzerkiek eta musikak ere beraien lekua izango dute Antzinako Azokan. Ohikoa den kale animazioko bufoi koadrilak azoka bizitzaz beteko du beraien ikuskizunagaz, eta zapatu iluntzean argizuziekin egindako ikuskizun berezia ikusteko aukera egongo da.

Zozketa berezia ere egongo dela aurreratu du Zumetak: salmahai guztietan zozketarako txartela banatuko dituzte asteburuan. Irabazleak Nafarroako landetxe batean asteburua pasatzeko aukera lortuko du.

Asteburu kulturala. Barrueta Arte Elkartearen asteburu kulturala, beste aldetik, urriaren 25ean, 26an eta 27an egingo dute. Azalien izeneko egitasmoa egiten duten hirugarren aldia izango da aurtengoa; beste batez Bermeoko Arrantzaleen Kofradi Zaharra aukeratu dute mota guztietako arte eta kultura diziplinak batuko dituen ekimena egiteko lekutzat.

Joan den urteko ekimenak izandako arrakasta handia azpimarratu du Lazpiurrek, eta berriz ere arte diziplina desberdinetako lanak espazio bakar batean batzeko gogotsu agertu da. Pasa den urteko asteburu kulturalak erotismoa hartu bazuen ardatz nagusitzat, aurtengo gai nagusia amalurra izango dela adierazi du elkarteko presidenteak. Parte hartuko duten artistek gai horren inguruan egindako esperimentazio edota ikerkuntzari esker sortuko dituzte beraien lanak.

Erakusgai jarriko dituzten lanen artean laburmetraiak, margolanak, zilarrezko produktuak, moda, egurra edota dantza ikuskizunak egongo dira. Lazpiurren berbetan, Azalien herriko jendearen agerpena da. Izan ere, erakusketa Bermeoko artisten topaketa da, horiek elkar ezagutzeko eta lankidetza mota desberdinak bultzatzeko helburuagaz sortutakoa; aldi berean herritarrei sortu dituzten lanak erakusteko medioa ere da asteburu kulturala.

Urriaren 25ean 19:00 inauguratuko dute erakusketa dantza ikuskizun batekin, eta ostean bertsolaritza saioa egingo dute. Eguna amaitzeko, kontzertu berezia eskainiko dute. Urriaren 26an eta 27an berriz, 11:00an irekiko ditu ateak kofradi zaharrak.

Gazagak nabarmendu duenez aurtengo ekimenean hamabost artista inguruk erakutsiko dituzte sortutako obrak. Hala ere, erakusketa ez da artisten stand-etara mugatuko. Uneko sormenak ere bere lekua izango du Azalien: kale marrazketekin edota umeentzako tailerrekin batera, bertaratzen direnek beraien sormena agerian jartzeko aukera ere edukiko dute. Poesia, margotze edota kantu saioak egongo direla aurreratu dute antolatzaileek; artistek horiek egitea proposatzea baino ez dute izango, eta unean bertaratutakoei horren berri emango diete.

Horrela, formatu libreko erakusketa bat izango dela diote Barruetakoek. Lazpiurrek mundu guztiari kofradia zaharretik igarotzeko deia egin dio, baina batez ere gazteen parte hartzea eskatu du. “Ekimen interesgarria izango da, eta formatu hau ez da beste inon ematen”, esan du Lazpiurrek. “Jende gazteak proposamen desberdinetan parte hartzea posible dela ikustea gura dugu”. Gaur egun dagoen eskaintza zabala ikusita, ekimen desberdin eta interesgarria sortzea “zaila” dela uste du presidenteak, baina hori egitea lortu dutela nabarmendu du.

Zumetak herritarrei bi ekimenetan parte hartu eta gozatzeko gonbita egin die: “urri oparotsua dugu aurretik, ondo pasatzeko ekimenez betetakoa”.

BUSTURIALDEKO HITZA

17 / 10 / 2019

Otras noticias

  • Citas
  • Volante de empadronamiento
  • Volante de convivencia
  • Expedientes económicos
  • Deporte on-line
  • Recibos de basura
  • Multas
  • Matrículak
  • Plusvalías
  • Tributos municipales

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0