Prensa

Prensa

Bermeoko sekretu geologikoak erakusteko hiru ibilbide antolatu dituzte

Hiru ibilbideren bitartez, Bermeok gordetzen dituen sekretu geologikoak ezagutzeko aukera eskainiko du Turismo Bulegoak. Bisitak doakoak badira ere, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea, Turismo Bulegoan bertan, turismo@bemeo.eus-era idatzita edo 94-617 91 54 telefono zenbakira deituta.

Bego Gangoiti turismo teknikariaren esanetan, orain arte beti egin ohi izan dira kulturari lotutako bisitak eta ibilbideak. “Orain, Bermeoko kostaldeak daukan aberastasun geologikoa erakustea pentsatu dugu, herrritarrek zein bisitariek ezagutzeko aukera izan dezaten”. Ibilbide geologiko horien bitartez, hortaz, kostaldea beste begirada batetik ezagutu ahalko da.

Gainera, herrian sortu berri den Naturtek enpresak egingo ditu gidari lanak: “Hemengoak izanik geologikoki oso ondo ezagutzen dute ingurua, eta era berean, euren lanaren berri ere ematen ari gara”.

Hiru ibilbideak ordubete ingurukoak izango dira, eta zailtasun errazekoak. Antolatzaileek arropa erosoak eta harkaitzetan ibiltzeko oinetako aproposak eroatea gomendatu dute.

Nabigazio istorioak. Lehenengo ibilbide geologikoa datorren domekarako antolatu dute. Horretan, Talaperen sekretuak ezagutzeko aukera edukiko dute bisitariek.

Alde batetik, hondartza nola sortu zen ezagutu ahal izango dute, eta bertan zegoen itsaslabarra arroka zabalgune handi bihurtzeko prozesuaren berri ere emango dute. Bestetik, hondartzan dauden eta hemengoak ez diren arrokak nondik datozen ere azalduko dute gidariek; diotenez, antzinako nabigazio historiaren parte dira.

12:00etarako jarri dute ordua, Talako kantina inguruan. Bisita euskaraz izango da.

Bigarren ibilbidean, Aritzatxuko olistolitoa bisitatzeko aukera egongo da, garrantzi handiko lekua. Espainiako Meatzaritza eta Geologia Institutuak, Eusko Jaurlaritzak eta Urdaibaiko Patronatuak ere leku geologiko interesgarrien artean daukate. Olistolitoak beste harri batzuen barruan dauden koral zatiak dira.

Bisita azaroaren 24an (domeka) izango da, euskaraz; hilerriko sarreran batuko dira, 11:00etan.

Bisita horiek domekan jarri dituzte, zapatuetan ekintza gehiago egoten direlako aukeran.

Azken bisita, zapatuz. Azken ibilbide geologikoa abenduaren 7an egingo dute. Barikua jai eguna izanik, eta herrian bisitariak egongo direla kontuan izanik, bisita hori zapatuz egitea pentsatu dute. Azken ibilbide horretan, Arribolasera joango dira, eta taldea hondartzan bertan batuko da, 11:00etan. Bisita euskaraz egin beharrean, gaztelaniaz egingo dute: “Kanpotik etor daitezkeen bisitariei begira antolatu dugu gaztelaniaz”.

Arribolasen, beste hainbat gauzaren artean, kostaldearen zati handi baten ezaugarri diren flysch beltzaren geruza apurtuak ezagutzeko aukera izango dute ibilbidean parte hartzeko izena ematen duten horiek.

Gangoitiren arabera, sasoi honetan antolatu dituzte ibilbide geologikoak, “udan eta udaberrian beti gauza gehiago egoten direlako”.

HITZA

14 / 11 / 2019

Otras noticias

  • Citas
  • Volante de empadronamiento
  • Volante de convivencia
  • Expedientes económicos
  • Deporte on-line
  • Recibos de basura
  • Multas
  • Matrículak
  • Plusvalías
  • Tributos municipales

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0