Prensa

Prensa

Julen Urdaibaik Namibiako basamartuan dauka hurrengo erronka

Basamortuari, beroari, hareari… aurre egin beharko dio berriro Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrak erronka berrian. Afrikara bueltatuko da, Namibiara, hain zuzen.

Azaroaren 22tik 26ra, Desert Ultra 2019 lasterketa lehiatuko du; bost egunetan 250 kilometro egingo ditu korrikan. Oraingoan ere, soinean eraman beharko du bost etapetarako behar duen guztia. Egunean, batez besteko 50 kilometro egin beharko ditu bermeotarrak korrikan Namib basamortuan: “Oso polita dela diote, planetako basamorturik zaharrena da”.

Lasterketa horrek desberdintasun bat dauka: “Beti egoten da etapa luze bat, kasu honetan 90 kilometrokoa izango dena. Orain arte etapa luze hori erdialdera eduki izan dut. Oraingoan, baina, azken egunean izango da, eta aurreko eguneko proba 20 kilometrokoa izango da”.

Bost kilo inguruko motxila soinean daramala hasiko du lasterketa. Lehen, elikagai deshidratatuak eroaten zituen, uragaz prestatzen direnak, baina gogaituta amaitu zuen: “Laugarren egunean berdin da zer jaten duzun, gustu berbera daukala”. Mozambiken formula berri bat ikasi zuen italiar batzuengandik, morokila erabilita; “kantitate gutxian, energia asko dauka”. Formula horri hegaluze lata bat-edo gehitzea pentsatu du. Azken etaparako, bestalde, gaztaia edo urdaiazpikoa eroatea pentsatu du, barrita eta gelekin tartekatzeko, “ordu asko baitira”.

Antolatzaileek ura baino ez diete ematen, bai lasterketarako, bai eta kanpalekuan afal ordurako: “Oraingoan uste dut ur beroa ere emango digutela. Alde nabarmena da, bestela guk geuk eroan behar dugu ura berotzeko beharrezkok direnak”.

Tenperatura aldetik, egunez, 40 eta 45 gradu bitartean egin ditzake,eta, gauez, berriz, 10 eta 15 gradu bitartean.

Australia buruan. 2017an lehiatu zuen azken lasterketa Mozambiken. Iaz, laguntzaile bila aritu zen Australian egin gura duen lasterketa batera joan ahal izateko, baina ez zuen lortu: “Egunen batean egin gurako nukeen lasterketa bat da, baina behar den aurrekontua altua da, oso garestia da. Egun asko dira etxetik kanpo, eta munduko luzeena da. Lasterketa horretara joateko laguntzak lortzeko, ez litzaidake ardurarik izango urte batean lehiatu barik geratzea”.

Hortaz, 2019ra begira jarrita, otsailean Suediara, Ipar Polora joatea zen bermeotarren asmoa. Proba horretarako prestatzen hasi zen, baina familia arazoak tarteko, ezin izan zuen joan.

Ez joateko arrazoiak azaldu ondoren, Suediako lasterketaren antolatzaileek orain egingo duen lasterketara joateko gonbidapena egin zioten: “Gauza polita izan zen euren aldetik”.

Asmoa ez bazen ere, Afrikara doa berriro: “Beti amaitzen dut Afrikan. Orain dela bi urte, Kanbodiako lasterketa batera joan gura nuen, eta Mozambiken amaitu nuen. Asian oraindik ez naiz egon, eta gogoa daukat”.

Sailkapenean gora. 32 izango dira lasterketa lehiatuko duten korrikalariak. Helburua sailkapenean goian egotea dela argi dauka Urdaibaik: “Azken urteetako emaitzak kontuan izanik, zorrotzagoa naiz neure buruagaz. Ez da lehiakorragoa naizelako, baina seriotasun handiagoagaz prestatzen naiz, elikadura ere gehiago zaintzen dut orain”. Badaki zein den bere erritmoa eta lasterketan eroan gura duena, ez dago beste parte hartzaileek egiten dutenari begira; bere buruari erreparatzen dio bakarrik.

Lasterketa guztia korrikan egin gura du, hori da bere buruari jarri dion erronka: “Mozambiken ia lortu nuen, eta Namibian ere berdin egin gura dut”.

Badaki lasterketa guztia korrikan egiteko gai izanez gero, sailkapenean goian egongo litzatekeela: “Erraza dela ematen baldin badu ere, lautada luzeak dira basamortukoak, psikologikoki gogorrak; denbora luzean korrika ibili ondoren, ematen du oraindik leku berean zaudela”.

Fidatzearen beldur. Lasterketa prestatzeko ez du ezer berezirik egin. Hara iristerakoan eta lasterketa hasi aurretik, entrenamendu bat edo beste egin beharko duela dio. Hala egiten du normalean, hegazkinaren nekeari aurre egin eta hango tenperaturara ohitzeko.
Gauza asko zaindu behar direla dio, muturreko lasterketak baitira: “Eduki ahal dudan akatsik larriena fidatzea da, horrelako lasterketa gehiago lehiatu ditudalako. Baldintza gogorrak dira, eta beharrezkoa da hidratatzea, ondo jatea, deskantsua eta emozioak kontrolatzea. Kilometro asko dira, azken egunean 90 kilometro, orduan ezinezkoa da lehenengo egunetan norbere gaitasunen gainetik egitea”. Azken egunean 90 kilometroak egiteko 10 eta 11 ordu bitartean beharko dituela uste du.

Egiten duena gustura egiten du korrikalari bermeotarrak. Bost egunerako behar den guztia motxila batean eroateak ematen duen sentsazioa gustukoa du.

HITZA

15 / 11 / 2019

Otras noticias

  • Citas
  • Volante de empadronamiento
  • Volante de convivencia
  • Expedientes económicos
  • Deporte on-line
  • Recibos de basura
  • Multas
  • Matrículak
  • Plusvalías
  • Tributos municipales

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0