Prensa

Prensa

Atun mojaren egoera larriari aurre egiteko neurriak aztertuko ditu ICCATek

Atlantikoko Atunaren Kontserbaziorako Nazioarteko Ba- tzordeak (ICCAT) urteko batzar nagusia egingo du gaurtik aurrera Palma de Mallorcan. Berrogeita hamahiru herrialdetako ordezkariak elkartuko dira bertan hainbat espezieren stocken egoera aztertu ondoren datorren urteko harrapaketa mugak ezartzeko. Urtero 500.000 tona atun baino gehiago harrapatzen dira Atlantiko itsasoaren uretan, mundu mailako produkzioaren %11a gutxira gora behera. Harrapaketen erdia sabelmarradun atunarenak dira (skipjack), %25a hegal horiarenak (yellowfin), %15a atun mojarenak, %9a hegaluzearenak eta %4a hegalaburrarenak. Atlantikoan harrapatutako atun guztiaren %62a atunontzi izoztatzaileak arrantzatzen dute, %16a kainaberak erabiltzen dituzten ontziek eta %14a tertzarekin ari den flotak. Eusko Jaurlaritzako eta euskal arrantza flotako ordezkariak izango dira ICCATen urteko batzar honetan.

Atun moja (thunnus obesus-big eye tuna) izango da protagonista nagusia ICCAten 26. bileran. Izan ere, biologoek egindako azken ikerketen arabera, atun mota honen populazioa egoera larrian dago Atlantikoan. Zientifikoen arabera, gehiegizko arrantza gertatzen ari da. Azken hiru urteetan 77.000 tona arrantzatu dituzte, batez beste, eta urtero gainditu egin dute adostutako 65.000 tonako harrapaketa muga. Gauzak horrela, harrapaketa kopurua gehieneko errendimendu jasangarriaren gainetik dago. Hori gutxi balitz, gero eta arrain gazteagoa harrapatzen ari dira eta biologoen iritziz horrek ondorio negatiboak dakartza.

Zientifikoen arabera, jaitsi egin behar da atun mojarentzako urteko harrapaketa muga eta horrekin batera beste neurri batzuk hartu gehiegizko arrantzari aurre egiteko. Besteak beste, debekualdiak ezarri, on- tzi laguntzaileen kopurua murriztu, arrainak biltzeko gailuen kopurua murriztu eta abar. Gogoratu behar da duela urte bete ere ICCATen Ikerketa eta Estatistiken Batzorde Iraunkorrak proposamen berbera egin zuela baina azkenean ez zen akordiorik adostu batzar nagusian eta atun mojaren egoera larriak konponbide barik jarraitu zuen. “Batzordeak berehala bermatu beharko luke harrapaketak behar bezala murrizten direla, gehiegizko arrantzari amaiera emateko eta stockari errekuperatzeko aukera emateko”, diote biologoek. Atun mojaren urteko harrapaketa mugaren balizko jaitsierak eragin zuzena eduki dezake atunontzi izoztatzaileen jardunean. Izan ere, flotaren harrapaketen %10a baino gutxiago izan arren, atun moja, atun hegal horia eta sabel marradun atunarekin batera harrapatzen da. Ondorioz, atun mojaren kuota agortuz gero ezingo lukete arrantzan jarraitu, ezinezkoa izango litzatekeelako sabel marradun atuna edo atun hegal horia harrapatzea atun moja ere arrantzatu gabe.

77.000 TONA URTEROOPAGAC elkarteko hemezortzi atunontzi izozta- tzaile (Bermeokoak gehienak) ari dira lanean Atlantikoaren ekialdeko uretan tunido tropikalen arrantzan. Elkarte honek salatu du ICCATek %30 murriztu ditzakeela legea errespetatuz ari diren floten harrapaketak, baimendutakoa baino askoz gehiago arrantzatu duten herrialdeak sarituz. “ICCATek duela bost urte baino gehiago ezarri zuen harrapaketen muga, baina neurriak ez du eragotzi harrapaketek baimendutako mugak gainditzea. Ez da eraginkorra eta kontrol-sistema konplexua da”, diote. OPAGACen uste dute arrantza-ahaleginean oinarritutako kudeaketa sustatu behar dela horixe baita aukera eraginkorrena tunido tropikalen lau stocken kudeaketa integralaren helburuak betetzeko. “Errazagoa da arrainak zenbatzea itsasontziak zenbatzea baino. Izan ere, gaur egun, teknologia berrien erabilerak (sateliteen bidezko kontrola, adibidez) aukera ematen du ontzi bat arrantzan ari den ala ez kontrolatzeko. Formula hori askoz eraginkorragoa da zenbait flotaren harrapaketek ezarritako mugak ez gainditzea itxarotea baino”.

ANABAC elkarteko zortzi atunon- tzi dabiltza arrantzan Atlantikoan, Bermeokoak guztiak. Patudo edo atun mojaren arrantza “behar den moduan” erregulatzea eskatzen dute. “Orain arte ICCATek hartu dituen neurriek ez dute lortu stockaren errekuperazioa eta uste dugu erregulazio eraginkorragoak adostu behar direla. Atunontziak dituzten herrialdeak harrapaketa kuotaren banaketa sistema barruan sartu behar dira eta flota bakoitzak bere kuota izan behar du”, diote. Atun mojaren populazioa errekupera- tzeko helburuarekin bat egiten du ANABAC elkarteak. “Kuota bat behar dugu urte guztian arrantzatu ahal izateko. Atun mojaren harrapaketa muga jaitsi behar bada, alde sozioekonomikoa kontuan izan behar da. Gehiegi arrantzatuta dagoen stocka errekuperatu nahi dugu eta alde horretatik uste dugu helburu hori bete egingo litzatekeela 65.000 tonako topea hamabost urteko plan batean mantenduz gero”.

Beste alde batetik, WWF talde ekologistak proposatu du atun mojaren harrapaketa muga 45.000 tonara murriztea. Neurri horrekin uste dute 2020an gehiegizko arrantzarekin amaitzeko aukera %75ekoa izango litzatekeela eta 2027rako bermatuta egongo litzatekeela stocka gehiegi ustiatuta ez egotea. “ICCATek neurri zorrotzak hartu behar ditu berehala. Uste dugu espazio eta denbora debekuak jarri behar direla, ontzi bakoitzak erabil dezakeen arrainak biltzeko gailuen kopurua murriztu behar da eta flota bakoi- tzari dagokion kuota betearazi. Horretaz gain, urtean zehar tunido tropikalen harrapaketen jarraipena egiteko tresnak eta baliabideak eman behar zaizkio ICCATi, harrapaketa mugak ez gainditzeko”.

HEGALUZEAREN KUOTAREN IGOERABizkaia eta Gipuzkoako baxura flotako arrantzaleek hegaluzearen harrapaketa topea handitu nahi dute 2020rako eta proposamen hori egin dute ICCATen. Hasiera batean 33.600 tonakoa da datorren urteko harrapaketa topea eta arrantzaleek 35.000 tonara arte igo nahi dute. Izan ere, azken hiru urteetan Kantauriko baxura flotak utzi egin behar izan dio hegaluzea arrantzatzeari urteko kuota gaindituta. ICCATeko Ikerketa eta Estatistiken Batzorde Iraunkorrak (SCRS) alternatiba ba- tzuk aztertu ditu eta aholkatu du kontrol arau alternatiboak har daitezkeela arrantza flotei egonkortasun gehigarria emateko, kudeaketaren helburuak betetzeari kalterik egin gabe. Aukera horien artean dago TACaren murrizketak gehienez %20ra mugatzea eta igoerak gehienez %25era mugatzea, betiere hegaluzearen biomasa osasuntsu badago. Harrapaketa mugaren igoera %20koa izan beharrean, %25ekoa izatea adostuta urteko topea 35.000 tonakoa izango litzateke datorren urterako. Ikusteko dago ICCATek hegaluzearen harrapaketa mugaren igoera onartzen badu.

DEIA

18 / 11 / 2019

Otras noticias

  • Citas
  • Volante de empadronamiento
  • Volante de convivencia
  • Expedientes económicos
  • Deporte on-line
  • Recibos de basura
  • Multas
  • Matrículak
  • Plusvalías
  • Tributos municipales

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0