Prentsa

Prentsa

Euskal Herri "burujabea" irudikatuko dute igandean Larrabetzun

Hizkuntza, kultura, energia zein hezkuntza; berdin arlo sozioekonomikoan. Eguneroko jardunean aurrerapausoak egiten jarraitzeko, Euskal Herria burujabe izatea hobe dela irudikatuko du Independentistak sareak igandean, Larrabetzun egingo den Independentzia Egunean. Aurtengoak festa baino gehiago izan nahi du, ordea, sareak mugarri bat jarri baitu: Independentistak sarearekin batera ekitaldia antolatzen ari den herri batzordeko kideek udalerri independentista aldarrika dezala eskatu diote Larrabetzuko Udalari. Ez dira bakarrak izan: bide bera egin dute Arrankudiaga-Zollok, Dimak eta Nafarroako Bakaiku herriek ere. Aurtengo Independentzia Eguna bide baten abiaburua izatea nahi dute plataformako kideek, eta norabide horretan prestatu dute eguneko egitaraua. Bihar, berriz, Independentzia Egunera deitzeko ekitaldiak egingo dituzte Deiadar mendietan: Kolitzan, Ganekogortan, Oizen, Solluben eta Gorbeian.
Bermeoren lekukoa hartu du Larrabetzuk, bertan antolatu baitzuten iaz Independentzia Eguna. Nolanahi ere, ez da lehen aldia Larrabetzu burujabetza prozesuari begira jartzen dela; izan ere, urtebete igaro da Larrabetzun etorkizunari buruzko herri galdeketa egin zutenetik. Gure Esku Dago plataformak bultzatuta, honako galdera egin zieten larrabetzuarrei iazko martxoaren 19an: "Euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan gura dozu?". Herritarren %58k parte hartu zuten galdeketan; eta, horien artetik, %94,23k eman zuten baiezkoa. "Ariketa demokratiko eredugarria izan zen ordukoa", Independentistak sarearen arabera. Urtemugaren atarian egingo dute Independentzia Eguna.
"Jauzi bat aurrera"
Larrabetzun bezala, azken urteetan etorkizunari buruzko galdeketak egin dituzte Euskal Herriko hamaika txokotan: Bizkaian, zehazki, 63 herritan egin dira etorkizunari buruzko galdeketak; eta, gauzak ondo bidean, 2018. urtea bukatu baino lehen 78 izango dira galdeketa egin duten Bizkaiko udalerriak. Abagune horretan, independentziaren aldeko plataformak jauzi bat egitea erabaki du aurten. Hala baieztatu du Ana Mezok; Independentistak sarearekin batera Larrabetzuko Independentzia Eguna antolatzen ari den herri batzordeko kidea da. "Jauzi bat egiteko nahia bazegoen Independentistak sarean, eta horren parte izatea proposatu ziguten hasieratik Larrabetzuko taldeari". Erronkari eutsi zioten Larrabetzuarrek berehala.
Hari horri tiraka, herria independentziaren aldeko udalerri bihurtzeko urratsa egitea erabaki zuten denen artean. "Udala ahal den neurrian inplikatzea nahi genuen". Baita lortu ere: otsailaren 28an onartu zuen udalak herri batzordeak proposatutako mozioa, EH Bilduren aldeko botoekin -11 ordezkaritik sei ditu koalizio abertzaleak, eta EAJko bost ordezkariak abstenitu egin ziren-. Hala dio, besteak beste, onartutako testuak: "Larrabetzun arduratuta gaude gure etorkizunarekin. Demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraiki nahi dugu, herritar guztiok herri libre batean zoriontsu izateako aukera izan dezagun".
Bada, mozio berdina onartu dute Arrankudiaga-Zollon, Diman eta Bakaikun ere, eta ez dute baztertzen datozen hilabeteetan Euskal Herriko udal gehiago gehitzea zerrenda horretara. Mezo: "Independentziaren aldeko herri izendatu da Larrabetzu, eta beste horrenbeste egin dute Diman, Arrankudiaga-Zollon eta Bakaikun ere. Beste herri batzuek ere onartuak dituzte mozio forma ez duten bestelako adierazpen batzuk: Bermeok eta Leitzak, kasurako. Maila ezberdineko adierazpenak diren arren, pixkanaka forma hartzen ari da. Horregatik uste dugu urrats hau abiapuntua izan litekeela; betiere, etorkizuna irudikatzen aritu gabe eta jakin gabe honek zer nolako bidea har dezakeen. Baina, Euskal Herriko udalerri gehiagok bide bera hartuz gero, Kataluniako AMI Udalerri Independentisten Elkartearen antzeko sare bat ere sor liteke hemen".
Burujabetza helburu
Aurrekaria izan daiteke Larrabetzuk, Arrankudiaga-Zollok, Dimak eta Bakaikuk hartutako norabidea, eta hori irudikatuko dute igandeko Independentzia Egunean. Udal independentista izendatu diren herrietako ordezkariez gain, Kataluniako hainbat kide ere izango dira Larrabetzun; askoren artean, Eudel Calvo AMI elkarteko lehendakariordea, eta David Caldeira, CUPeko zinegotzia Arenys de Marren.
Independentziaren auziak egunerokoarekin duen lotura irudikatuko dute igandean, Burujabe hobe goiburupean egingo dituzten ekitaldietan. Horretarako, Euskal Herriko hainbat eremutan lanean ari diren eragileak bilduko dituzte Larrabetzuko plazan, Mezok azaldu duenez. "Bakoitzak bere jarduna erakutsiko du 12:00etatik aurrera, herritarrok jabetu gaitezen independentziaz ari garenean ez garela kontzeptu abstraktu bati buruz ari, baizik eta lorgarria den ezinbesteko helburu kolektibo bati buruz ari garela".
Edukiz bete nahi dute Indenpendentzia Eguna. "Igandeko zita jai hutsetik harago doan eguna izatea nahi dugu. Independentzia aldarrikatzera goaz, bai, baina baita independentzia egitera ere; finean, burujabe hobe gaudela irudikatu nahi dugu: hobe dugula burujabe izatea, eremuz eremu egiten ditugun proposamen, dinamika zein planteamenduak aurrera eraman ahal izateko". Besteak beste, euskalgintzako, hezkuntzako, sozio-ekonomiako eta feminismoaren eremuko hainbat eragile izango dira igandeko hitzorduan.
Goizeko ekitaldiak izango dira garrantzitsuenak, baina Mezok azaldu du bestelako jarduera batzuk ere prestatu dituztela egun osorako; herri bazkaria, kultur ekitaldiak eta erromeria, kasurako.
Deiadar mendietara
Igandeko deialdia indartzeko, Deiadar mendietara igoko dira bihar: Kolitza, Ganekogorta, Oiz, Sollube eta Gorbeiara. XIV. mendearen hasieran sortu zituzten Bizkaiko Batzar Nagusiak, eta haietara joateko bost mendietako tontorretatik dei egiten zieten bizkaitarrei. Bost mendi estrategiko horietan sua piztuz eta soinu seinaleen bidez egiten zuten deia; hortik datorkie Deiadar mendien izena. Bada, Independentzia Egunera deitzeko ekitaldiak egingo dituzte bihar tontor guztietan eta ordu berean: 12:00etan. Gailurretara taldean igotzeko, tokian tokiko deialdiak zehaztu dituzte bihar goizerako.

HITZA

16 / 03 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0