Prentsa

Prentsa

Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxaden lore lehiaketa egingo dute

Apirilaren 21etik maiatzaren 4ra antolatu dute. Zapatuan azoka egongo da Goiko Plazan, eta paella erraldoia, lore erakusketa eta marrazki lehiaketa egingo dituzteBermeoko Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxaden lore lehiaketa prestatu du udalak hainbat elkartegaz batera. Zapatuan hasi eta maiatzaren 4ra bitartean egingo dela iragarri dute.
Hirugarrengoz egingo dute aurten lehiaketa; Goiko Plazan emango diote zapatuan hasiera. Lehiaketa abiatzeagaz batera, 11:00etatik 14:00etara bitartean, loreen erakusketa eta azoka ere egongo dira. Eta paella erraldoia dastatu eta musikagaz gozatzeko aukera egongo da.
Halaber, eskoletako umeek Alde Zaharrari buruz egindako marrazkien lehiaketa ere egongo da aukeran. 12:00etan, marrazki lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute. Eta amaitzeko, Barrueta elkarteak arte lanak erakutsiko ditu Alde Zaharreko dendetan, eta bertaratutakoei fitxategiak banatuko dizkiete denda horietan. Betetzen dituztenen artean opariak banatuko dituzte.
Irune Ormaetxea Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak azaldu duenez, lehiaketa eta ekimenekin Alde Zaharra kolorez eta biziz jantzi nahi dute, bere nortasuna eta edertasuna agerian jartzeko. "Guztion artean gure Alde Zaharra indartu eta edertzeko azken urteetan ematen ari garen pauso bat da, udalaren eta hainbat elkarteren arteko lanaren emaitza".
Lore lehiaketa bi mailatan banatu dute: balkoi eta leihoen maila eta fatxaden maila. Fatxaden kategorian parte hartuz gero, kalera ematen duten etxe guztiek parte hartuko dute. Lehiaketan parte hartzeko Berualan edota Bermeoko lore dendetan eman behar da izena maiatzaren 2ra arte. Zapatuan Goiko Plazako lore erakusketa azokan ere eman ahalko da.
Epaileek islatutako bizitasuna, edertasuna eta osotasuna hartuko dituzte kontuan, eta maiatzaren 3an igaroko dira parte hartzaileen lanak ikustera.
Sariei dagokienez, leiho eta balkoi ederrenaren irabazleak 100 euro eta Aita Guria baleontzian lagun birentzako sarrera bereziak jasoko ditu. Fatxadarik ederrenaren saridunak, ordea, 300 euroko saria eta etxebizitza bakoitzeko Aita Guria baleontzia bisitatzeko lagun birentzako sarrera bereziak jasoko ditu.

HITZA

18 / 04 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0