Prentsa

Prentsa

Harremanak eraikitzeko zubi lana egiten

Errefuxiatuek bizi duten egoera azaltzea bilatzen dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformeko kideek hainbat sentsibilizazio kanpainekin. Domekan Ean batu ziren, bazkaldu eta elkar ezagutzeko.Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eskualdeko errefuxiatuei ongietorria egin zien Ean, domekan.
Herriko frontoian harrera ekitaldia eginez eman zioten hasiera ongietorriari, eta horren ostean, argazki erraldoia atera zuten bertan bildu zirenek. Argazkia Eako zubian atera zuten, harreraren helburua islatu guran: harremanak eraikitzeko asmoa islatzea izan zen ongietorria egiteko arrazoia, zubiak eraikitzea, hain zuzen ere.
Taldekoak benetan pozik azaldu ziren harreran batutako jende kopuruagaz; Ia Ea guztia bertan bildu zela esan zuten.
Ondoren, bazkaria egin zuten Eskolondon, 40 bat lagunekin. Ez zen halako egun bat antolatzen zuten lehenengo aldia: Belendizen eta Bermeon ere ospatu dituzte antzeko ongietorriak. Hori dela eta, topaketa horietan dagoeneko bertaratuen artean "konfidantza" maila bat sortu dela adierazi dute taldekoek: "Domekan batera jaten aritu ginen, partekatzen, gure seme-alabek batera jolasten zuten bitartean".
Bazkaritan hainbat herrialdetatik etorritako errefuxiatuak egon ziren: senegaldarrak, keniarrak, afganistandarrak edota Boli Kostatik etorritako jendea hurbildu zen. Datorren hilabetearen bukaeran Gernika-Lumon laugarren bazkari bat egitea aurreikusita daukate.
Harrera eskualdea
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek eskualdeko errefuxiatuak jasaten ari diren egoera larria salatu gura izan dute. Busturialdean bizi arren, asko dira errolda agiriak lortzeko aukerarik izan ez dutenak: "Gernikan edo Bermeon lau edo bost hilabetez bizi izan diren arren, pertsona hauentzat oso zaila da errolda agiri arrunt bat lortzea".
Egoera hobetzeko asmoz, Gernika-Lumoko eta Bermeoko udalekin harremanetan jarri direla adierazi dute taldekoek, "Busturialdea harrera eskualde bat bilakatu nahi den" argitzeko. "Sare afektibo bat" sortu gura dute, eta hori egin ahal izateko errefuxiatuek paperak lortzeko aukera izatea beharrezkoa dela aldarrikatu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformekoek.

HITZA

16 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0