Prentsa

Prentsa

Emakumeen eta gizonen arteko Berdintasun Plana prestatzen ari dira

Herritarrek berdintasunari buruz daukaten ikuspegia jakiteko galdetegi anonimoak eskegi dituzte sarean. Bi saio ireki antolatu ditu udalak L.U.L. .
Bermeoko Udalak Berdintasuna Saretzen deitutako Berdintasunerako Udal Plana lantzeko prozesua hasi du. Horretarako, emakumeen eta gizonezkoen berdintasun alorrean orain arte egindako lanaren ebaluazioa eta gaur egungo egoeraren diagnostikoa egiten ari dira.
Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen berbetan, "genero-ikuspuntua txertatzea, nazioartean eta Europan gomendatzen den lan estrategiko bat ez ezik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko euskal herri aginteen jarduera zuzendu eta bideratu behar duten printzipio orokorretako bat ere bada". Hori dela eta, udalak emakumeen eta gizonen berdintasunari "beste bultzada bat" eman nahi diola adierazi du alkateak.
Hori lortzeko, udalari eta udalerriari buruzko datuak eta informazioa bildu dituzte, eta Bermeoko talde feministekin eta emakumeen taldeagaz batzartu dira. Bermeoko Udalaren webgunean jarri dituzte galdetegiak, herritarrek berdintasunari buruz daukaten ikuspegia jasotzeko asmoz. Herritarrek maiatzaren 27ra arte izango dute galdetegiak anonimotasunez erantzuteko aukera.
Erronkak zehazteko
Galdetegi horren bidez jasotako informazioa "oso baliagarria" izango dela esan du alkateak, eta "berdintasunak gaur Bermeon daukan tokia ezagutzeko eta aurrera begirako erronkak zehazteko" balioko duela adierazi du. Berdintasun Plana Bermeoko Udalak herritar guztien arteko berdintasuna bermatzeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokan tinko jarraitzeko oinarri-oinarrizkoa izango den baliabidea bilakatuko dela uste du Bidegurenek.
Alkateak herritar guztiak animatu ditu galdetegiak bete ditzaten, eta bi saio ireki egingo dituztela ere jakinarazi du. Lehenengo saioan, diagnostikoa aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasoko dituzte, eta bigarrenean, berriz, Berdintasunerako Udal Planaren lanketa egingo dute.

HITZA

16 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0