Prentsa

Prentsa

Lehia bizia dator Bermeora

Zapatuan 18:00etan hasiko da Bermeo Hiriko 36. Bandera. Eusko Label Ligako azken-aurreko proba izango da. Lau txandatan banatu dituzte estropadakBermeoko Udalak eta Urdaibai Arraun Elkarteak zapatuan egitekoa den Bermeo Hiriko 36. Banderaren aurkezpena egin dute. Bertan azaldu dutenez, 18:00etan hasiko da lehia. Eusko Label Ligako azken-aurreko estropada izango da zapatuan Bermeoko uretan lehiatuko dutena. Era berean, igoera eta jaitsierako play-off fasearen lehenengo jardunaldia jokatuko dute.
Jakitera eman dutenez, lau txandatan banatuta, 15 traineruk parte hartuko dute zapatuko estropadan. Horrela, Eusko Label Ligako lehen zortzi sailkatuek, Eusko Label Ligako play-off-a jokatuko duten bost ontziek eta Liga Euskotrenekoa jokatuko duten bi traineruek parte hartuko dute.
Agustin Aranburu Bermeo Urdaibai Arraun Elkartearen lehendakariak azaldu duenez, Eusko Label Ligako zortzi sailkatuek lerro formatuan parte hartuko dute lau luze eta hiru ziabogagaz. Ontziak bi txandatan banatuta ariko dira lehian, sail- kapen nagusiaren arabera. Hortaz, lehenengo txandan Ondarroa Cikautxo, Donostiarra, Cabo eta Santurtzi Iberdrola lehiatuko dira, eta ohorezko txandan, aldiz, Orio Babyauto, Zierbena Bahias de Bizkaia, GO fit Hondarribia eta Urdaibai Avia egongo dira.
Erabakitzeko unea
Gizonezkoen play-off-ari dagokionez, bost ontziak erlojuaren kontrako formatuan arituko dira bigarren kalean, eta horiek ere lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte. San Juan Sumelec, San Jose XV Astillero, Samertolameu Oversea, Lekittarra Elecnor eta Aresen arteko irteera ordena ordezkarien bileran erabakiko da, eta minutu bateko aldeagaz irtengo dira ontziak.
Hondarribia Bertako Igogailuak eta Donostiarrak jokatuko dute emakumeen play-off-a, eta horiek ere erlojupeko formatuan ariko dira. Zozketan adierazitako irteera ordena jarraituz, bi luze eta ziaboga bakarra egin beharko dute traineruek.
Aranburuk Bermeoko zaleei deialdia egin die, zapatukoa "egun historikoa" izan daitekeelako Urdaibai Arraun Elkartearentzat. "Azkenengo asteetan gertatutako guztia ahaztu" eta arraunlariak animatzera joateko eskatu du elkartearen lehendakariak.

HITZA

13 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0