Prentsa

Prentsa

Abenduari hasiera beroa eman diote asteburuan San Andres jaiek

Ospakizunak eduki dituzte Ibarrangelun, Etxebarrian, Ondarroan eta Bermeoko San Andres auzoan. Bazkari, merienda eta afaritan elkartu dira herritarrak, giro oneanUrteko azken hilabeteari hasiera ezin hobea eman diote ibarrangelutarrek, bermeotarrek eta etxebarritarrek. San Andres jaiak barikuan hasi ziren, eta domekara arte hainbat jarduera egiteko aukera eskaini diete herritarrei.
Barikuan jaiei hasiera emateko kalejirak egin ostean, zapatua indar biziz hartu zuten Ibarrangeluko bizilagunek. Eguerdian bildu ziren tortilla txapelketako platerak prestatzen hasteko, eta giro ederra sortu zuten udaletxeko aterpean. Gainera, txikienek ere ederto pasatzeko aukera eduki zuten jolasekin.
Tortillak aurkeztu eta sabelak bapo bete ostean, Mus txapelketa bilakatu zen arratsaldeko protagonista. Udalerriko kultur etxean bildu ziren herrikoak, eta bertan iluntzera arte aritu ziren karta jokoan. Txapelketa modu bikainean bukatu zuten, sari banaketagaz, EinGo taldearen musika eta dantzekin gozatuz. Domekan Euskararen Eguneko ekitaldia egin zuten, mezuaren irakurketagaz, eta herrira etorritako ume berriei opariak banatu zizkieten.
Jokorako aukera
Bermeoko San Andres auzoan ere musean aritzeko aukera eduki zuten auzotarrek, jaiak hasteko txapelketagaz batera. Zapatuan txapelketak jarraitu egin zuen, eta horregaz batera, herri bazkaria izan zen protagonista. Bertan auzoko bizilagunak batu ziren eguna giro ederrean igarotzeko, eta postre txapelketa ere egin zuten.
Bermeotarrek berritasunekin bukatu zituzten sanandresak. Izan ere, Txiki-Eder zentrokoek txakurren erakusketa prestatu zuten. Horregaz batera, hegaztien erakustaldia ere antolatu zuten auzoko jaiei amaiera emateko.
Beste urte batez, frontoian elkartu ziren etxebarritarrak San Andres Eguna ospatzeko. Arratsaldeko lehen orduetatik hasi ziren lanean, iluntzeko afari-meriendarako talo eta txerrikiak prestatzeko. Talde handia ibili da lanean aurten ere, tartean gazte batzuk ere bai, erreleboa hartzen joateko prest. Txistorra, odolostea, urdaiazpikoa eta talo pila prestatu zituzten, eta umeen jatordurako puntu-puntuan zegoen dena.
Batzuek prestaketa lanetan jardun zuten bitartean, beste batzuk jolaserako aukera eduki zuten. Herriko txiki eta gaztetxoek egurrezko jolasekin gozatu zuten, eta karta jokoan egin zuten gazte eta nagusiek. Gandixa aita- semeak nagusitu ziren 16 urtetik gorakoen mailan, Rubio eta Etxabe gelditu ziren bigarren, Alainek eta Jokinek lortu zuten hirugarren postua, eta laugarren Alaitz eta Maialen geratu ziren. 16 urtetik beherakoetan, berriz, Ekain eta Alain izan ziren irabazleak, eta Aitana eta Xuban geratu ziren bigarren.
Briska txapelketako sari banaketaren ostean banatu zituzten San Andres Kartel Lehiaketako sariak. 50 herritarrek parte hartu dute aurtengo kartel lehiaketan.
Ospakizun nagusia barikukoa izan bazen ere, zapatuan Euskararen Eguna ospatu zuten, eta domekan, berriz, Amets Txurruka Lagunartiek antolatutako ume eta gazteentzako mendi bizikleta zirkuitua egon zen.
Ondarroan ere gogoan eduki zuten San Andres Eguna, eta, bazkaria eta dantza eduki zituzten Antiguako Ama jubilatuen elkartean. Guztira, 47 lagunek parte hartu zuten ekitaldian. Jubilatuen elkarteko tabernariak anto- latu zuen bazkaria, eta Andik Onako gizona arduratu zen arratsaldeko musika eta dantza saioagaz. Giro onean ospatu zuten jaia.

HITZA

04 / 12 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0