Prentsa

Prentsa

Ohiturak aldatzeko bidean

Euskararen Egunean hizkuntzaren aldeko aldarrikapena egin dute Lea-Artibaiko, Busturialdeko eta Mutrikuko herritarrek. Halaber, Euskaraldiaren '11 egun euskaraz' ekimena agurtu dute.Euskararen Nazioarteko Eguna berezia izan da aurten. Lehenengoz egin den eta ohiturak aldatzea eta euskara sustatzea helburu izan duen 11 eguneko ekimena amaitu zen atzo. Hizkuntzaren aldeko aldarrikapen ozena egin zuten Mutrikun eta Lea-Artibai eta Busturialdeko hainbat herritan egun horietan.
Bermeon eta Gernika-Lumon atzo iluntzean egin zituzten Euskaraldiaren amaiera ekitaldiak. Aurretik, gernikarrek Euskararen Eguna ospatzeko Berbalagunen hitzordua eduki zuten. 11 orduko irakurraldian, Uxue Alberdiren Jenisjoplin liburua irakurri zuten herriko ikastetxe, elkarte eta komunikabideetakoek. Alberdik berak irakurri zituen azken orrialdeak.
Gernika BHIn ere Euskararen Egunagaz bat egin zuten atzo. Ikasle eta irakasleen parte hartzea zoriondu zuten arduradunek. Iluntzean, Foru plazan, Maddalen Arzallusek egindako Euskaraldiari buruzko irakurketagaz agurtu zuten Euskaraldia.
Bermeon, Kabidxen egin zuten urte osoko ibilbidearen errepasoa. Aurretik, Jakoba Errekondoren berbaldia izan zuten Kasinoan.
Markina-Xemeinen ikasleen eskutik ospatu zuten Euskararen Eguna. Hala, goizean Berakruz ikastolako ikasleek kalejira egin zuten udaletxe aurreraino. Bertan, abestu egin zuten, eta Iratxe Lasa zinegotziak balkoitik egin zuen berba; Lasak euskaraz egiteko hamaika arrazoi eman zituen ekitaldian. Ostean, denen artean prestatutako bertsoak kantatu zituzten. Euria ari zuenez, Bekobentakoek ez zuten kalejiran parte hartu, eta eskolan bertan egin zituzten ekintzak.
Danborrada Ondarroan
Argitxoren kalejira goizean eta danborrada egin zuten arratsaldean Ondarroan. Azken urteetan Ondarroako Ondar Ahua guraso elkarteak herrian egiten duen deiari erantzunda, Euskaraldiaren antolatzaileen berbetan, 500 lagunetik gora batu ziren danbor hotsean, Euskaraldiari "amaiera ozena" emanez. Danborrada 19:00ak bueltan amaitu zen Itsasaurren, eta bukaeran, Ondarroako EPAn ikasten ari diren etorkinek danborrak astindu zituzten oholtzan.
Publiko guztiei zuzendutako egitarau zabala eduki dute ondarrutarrek egunotan. Izan ere. euskara ardatz hartuta, jolasak, kontzertuak, hitzaldiak eta zinema emanaldiak izan dituzte aukeran, besteak beste.
Balantze azkar bat eskatuta, antolatzaileak "pozik" azaldu dira lortutako erantzunagaz, eta ekintza batzuk errepikatzeko gogoz daudela onartu dute; Ondarrutar Naturala mahai jolasagaz egindako deialdia, kasu.
Atzokoan ezeze, asteburuan ere euskara bultzatzea ardatz eduki dituzten hainbat ekintza egon dira eskualdeotako herrietan. Bariku iluntzean, esaterako, Gernika-Lumoko Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituzten, Astran. Zapatu eguerdian, berriz, Merkatu plazan jendetza batu zen euskal kanta herrikoiak abesteko. SOMEko ume eta gurasoak eta Kantaguneko kideek musikatu zuten plaza. Domekan, Euskera Olgetan Errotu ekimenaren jaia ospatu zuten, Jai Alai frontoian.
Lameran bildu ziren bermeotarrak domekan. 15 urte dantzan ikuskizuna eta Xaiborren musika izan zituzten lagun. Eleizalde Ikastolak antolatutako ekitaldian, ikasleak oholtzara igo eta kanta eta bertso artean ondo pasatu zuten.
Ajangizen, Busturian, Ibarrangelun, Muxikan eta Errigoitin domekan batu ziren herritarrak. Ajangizen Ajangiz 365 egun euskaraz leloa margotu zuten elizako horman, eta Euskaraldiari bukaera emateko argazki erraldoia atera zuten. Trikitilariak izan ziren goiza girotzeko ardura hartu zutenak.
Korrika txikia, Busturian
Busturiko atletismo taldekoek Korrika Txiki egin zuten, eta ume eta nagusiak batu ziren arineketan egiteko. Ondoren, Irrintzi Alaikoen ikurrin dantzagaz eta eskolako ume batzuen bertsoagaz girotu zuten ekitaldia.
Euskararen Eguneko mezuaren irakurtaldia egin zuten Ibarrangelun, eta, ostean, Lorea dantza taldeko kideek euskal dantzak dantzatu zituzten.
Muxikan, Zubieta Errota aurrean elkartu ziren herritarrak. Gabonetako postal lehiaketarako marrazkiak egiten aritu ziren umeak, eta gero, talde argazkia atera zuten. Taloa eta txorizoa ere dastatu zituzten. Bestalde, errigoitiarrak Ikuilu Elkartean batu ziren eguerdian, Adolfo Arejitagaz solasaldian. Antzinako esaera zaharren eta berben inguruan aritu ziren.
Nabarnizen ludotekan batu eta Gabon postal lehiaketa prestatu zuten gazteek. Domekan, Eneritz Artetxeren ipuin kontaketagaz gozatu zuten. Gero, gaztaina janean elkartu ziren.
Arratzun herriko ondareari buruzko aurkezpena egin zuten zapatuan. Txokor batze txapelketa burutu zuten domekan, eta gaur, umorezko bakarrizketak egongo dira liburutegian.
Gaur, antzerkia Foruan
Foruak ere Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko umeei zuzendutako txotxongilo ikuskizuna antolatu du gaurko. Antzerki saioa J.M Torrealdai Kultur Etxean 17:30ean izango da, eta Rosa Martinezek zuzenduko du. Gainera, Gabonetako postalen eta olerkien lehiaketaren sari banaketa egingo dute.
Berriatuko Udalak Euskararen Egunerako prestatutako adierazpen instituzionala onartu zuen, aho batez. Horretan, euskararen aldia "egunero" dela jaso zuten. Halaber, euskarak adostasuna eta batasuna behar dituela diote udal gobernuko kideek: "Batura da euskarak behar duena, ez kenketa. Biderketa behar du, ez zatiketa". Dena dela, baturaren osagarria "praktikotasuna" dela azpimarratu dute. Hala, elkarri euskara eskainiz, euskara bizi indarrez "sendoagotu" behar dela esan dute.
Zapatuan Zein da euskarazko hitz politena? lehiaketa egin zuten Etxebarrian, eta Amaia Txakartegi izan zen irabazlea. Txakartegik Ama hitzagaz irabazi zuen lehiaketa. Ekitaldia kultur aretoan egin zuten, eta aretoa herritarrez bete-bete egin zen.

HITZA

04 / 12 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0