Prentsa

Prentsa

Goma gainekoan Gaztediko neskek jantzi dute 540 kiloko txapela

Badaiotzek eta Ibarrak osatu dute podiuma. Bestalde, nesken 500 kiloko lehen jardunaldia eta mutilen 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dituzte Berrizeko kiroldegian, zapatuan.
Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan, emakumezkoen 540 kiloko finala jokatu zuten Bilboko Txurdinaga auzoko kiroldegian, zapatuan, eta Laukizko Gaztedi taldea nagusitu zen. Hala, Erika Julieth Rojas eta Batirtze Ispizua bermeotarrak eta Goizalde Aransolo muxikarrak beste txapel bat poltsikoratu dute.
Pisu hori lehiatu duten hiru jardunaldietan irabazi du Gaztedik, eta beraz, 12 puntugaz bereganatu du txapela. Halaber, hiru jardunaldietan bigarren sailkatuta, badaiotz geratu da txapeldunorde (9 puntugaz), eta Ibarrak osatu du podiuma (5,5 puntugaz).
Gaztediko sokatiralariak, Txurdinagaz.
Argazkia: Olatz Gil Orbegozo.
Bestalde, gizonezkoen 600 kiloko lehen saioa ere hartu zuen Txurdinagako kiroldegiak. Zazpi talde aritu ziren denak denen kontra, eta Gaztedik lortu zituen puntu gehien (7 puntu). Murueta hirugarren sailkatu zen (5puntugaz), Beti Gazte talde nafarraren atzetik. Hala, Ibarra, Ñapurrak eta Berriozar taldeek hiruna puntu eskuratu zituzten, eta Antsoain geratu zen azkenengo postuan, puntu bakarragaz.
Zapatu arratsaldean Berrizko Kiroldegian lehiatuko dute 600 kiloko bigarren jardunaldia, eta otsailaren 23an Txurdinagako kiroldegira itzuliko dira eta bertan argituko da zein den pisu horretako aurtengo txapelduna.
17:00etan hasiko dira tiraldiak Berrizen, eta gizonezkoen lehiagaz batera, emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dute.
Nesketan honako sei talde hauek parte hartuko dute: Gaztedi bizkaitarrak, Ibarra gipuzkoarrak, Badaiotz arabarrak eta Antsoain, Beti Gazte eta Txantrea nafarrak. Horiek ere denek denen kontra ariko dira hiru jardunalditan. Martxoaren 2an Laukizen lehiatuko dute azken jardunaldia.

HITZA

15 / 02 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0