Prentsa

Prentsa

22. Jazzber arrakastatsutzat jo dute antolatzaileek

Jazzber Bermeoko Jazz jaialdiak 22. urtez musika estilo hori hurreratu du Busturialdera. Aurten hiru kontzertu eskaini dituzte, eta jaialdia bukatuta, “balorazio oso positiboa” egin dute Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz elkarteak.

Joseba Verdes Jizz Jazz-eko kideak nabarmendu duenez, urteak pasa ahala jaialdia handituz joan da. Hori dela eta, Jazzber “Bermeoko ekimen kultural nabarmenetakoa bihurtu da”, eta bi hamarkada baino gehiagoren ostean “indartuz” joan da. Jazzber bakoitzean ikusleen kopurua handituz joan dela azpimarratu Alazne Zumeta Kultura zinegotziak: “Urtero ikusleen gorakada txiki bat dagoela ikusten dugu”.

22. Jazzberreri dagokionez, eskaini dituzten hiru kontzertuek “harrera ona” izan dutela dio antolatzaileak. Jon Urrutia Trio taldeak, Jose Angel Lorente Quintet-ek eta Szymon Klekowicki Sextet-ek eskainitako emanaldietan batezbesteko “150 bat ikusle” hurreratu direla nabarmendu du Verdesek. Kontzertuekin jazz estiloaren barnean dauden musika estilo desberdinez gozatzeko aukera egon dela azaldu du Zumetak.

Antolatzaileek kontzertuetara hurreratu direnei eskerrak emateko aprobetxatu dute. Gainera, Zumetak udalaren eta Jizz Jazz elkartearen arteko “elkarlana” nabarmendu du, eta horren aldeko apustua egiten jarraituko dutela adierazi du.

Beste pauso bat. Izan ere, jazzaldia antolatzerakoan ez dute erakunde pribatuen finantziaziorik jasotzen. Beste musika jaialdi batzuen aldean egitasmo txikia dela dio Verdesek, baina lortutakoagaz “oso pozik” geratu direla. Etorkizunera begira, hazten jarraitzeko asmoa dute Jizz Jazzekoek.

Jaialdiak orain arte izan duen egituran, inguruko talde baten eta ezagunak egiten ari diren Europa mailako talde pare baten kontzertuak batu dituzte. Hala ere, datozen jaialdietan beste egun bat gehitu ahal izateko itxaropena dute, “kalitatezko jauzi bat emateko”. 

Jazzaren munduko talde “komertzialagoak” erakartzeko asmoa dute, estatu mailan dagoeneko profesionalak direnak. Ilusio handiagaz, Jazzber handituz joateko lanean ari dira horrela.

HITZA

10 / 07 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0