Prentsa

Prentsa

Izarrako jaiek erraldoiak eta beste hainbat ekimen ekarri dituzte Bermeora

Atzo batu ziren auzokoak Izarrako frontoian jaiei hasiera emateko. Bihar arte ume zein nagusiei zuzendutako jarduerez gozatzeko aukera edukiko dute bermeotarrek.

Laugarren urtez, bermeotarrak Izarra frontoian batu dira bertako jaiak ospatzeko gogotsu. KIETB Bermeoko Erraldoi Txikien Konpartsako kideek antolatuta, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak hasi orduko motorrak berotzen hasteko hainbat jarduera prestatu dituzte aurton.

Atzo arratsaldean hasi zituzten jaiak Xixilitxikiri harrera eginez. Harreragaz batera, pregoia eta jaien hasierako txupina bota zuten Izarrako frontoian, ostean Xixilitxikigaz bajadan jaisteko.

Gaur goizean KIETBko kideek eman diote hasiera egitarauari. Musikaren doinuak girotuta, erraldoiak dantzan aritu dira frontoian, eta bertatik kalejiran abiatu dira herritik zehar. Merkatutik igaro ostean, Goiko Plazara abiatu dira, Bermeo jai giroan murgiltzeko asmoz.

Arratsaldean erraldoiek Izarrako frontoian jarraituko dute. Beraiekin batera umeentzako urez betetako puztukiak egongo dira, baita erraldoiak margotzeko aukera ere. Gainera, etxeko txikienek hainbat jarduera eta jolasetan parte hartzeko aukera edukiko dute. Bihar amaituko dituzte jaiak, eguerditik iluntzera arte iraungo duten ekimenekin.

Egitaraua:

Gaur:

  • 17:30-20:00. Izarrako frontoian urez betetako puztukiak, erraldoiak margotzeko aukera eta jokoak: besteak beste, sokatira, zapiaren jokoa eta txikota salto. Gainera, musika egongo da, KIETBko erraldoi eta buruhandiekin.

Bihar:

  • 12:30-13:30. KIETBko erraldoiak Izarratik.
  • 13:30. Erraldoien aleman eta polonesa dantzak frontoian.
  • 20:00. Zuzko zezena eta urezko unikornioa. Ostean, Xixilitxikiren azken bajada eta agurra, eta azken pregoia.

HITZA

04 / 09 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0