Prensa

Prensa

Aitzindari izateagatik omenduak

Arrantzale Eguneko ekitaldietan murgilduta dabiltza bermeotarrak. Lameragane Txokoak Bermeoko "lehen emakume kapitanei eta patroien" lana aitortu du, besteak beste.

Parrandarako egunik berezienetakoa da bermetoarrentzat Arrantzale Eguna. Lagun artean goizetik goizaldera arte elkartzeko aitzakia da polita da askorentzat, baina, batik bat eguneko jaia izaten da ikusgarriena. Arrantzagaz eta oro har itsasoagaz duten harreman estua aldarrikatu eta arrantzaleen herria izateaz harro daudela ospatzeko egunda dute gaur.

Mezaren eta kalejiraren ostean, Lameragane Txokoaren eskutik, itsasoagaz lotura duten bermeotarrak omentzeko tartea hartu dute eguerdian. Hamabi urte daramatzate horretan, eta gaurkoan, Bermeoko “lehen emakume kapitanei eta patroiei” aitorpena egin diete. Beste behin, ekitaldi hunkigarria egin dute, herritarren txalo eta irrintzi artean. 

1985ean Domin Jorge bermeotarra izan zen Euskadiko Merkataritza Ontzidiko lehen emakume pilotua eta  Espainiako Merkataritza Ontzidi Zibileko lehen emakume lizentziaduna. Ana Lore Benguria Merkataritza Ontzidiko kapitaina eta Laura Fernandez Kostaldeko patroia ere omendu dituzte. Benguria itsas salbamenduko kontrolatzailea da gaur egun eta Fernandezek Armintzako olatu energiaren BIMEP instalazioan buien kontrola eroaten du.

Bestalde, Araba Bouko kide izan zen Juan Azkarate itsas gudaria ere omendu dute. Euzko Itsas Gudarostetik gaur egun bizirik dagoen bakarra da Azkarate. “14 urtegaz itsasoan hasi zen. Mutil, makinista, patroi eta armadore izandakoa da. Baina, gaur aipamen berezia egiten diogu Euzko Gudarosteko azken gudaria delako. Bermeotarrok ondo dakigu Matxitxakon gertatu zena. Gure Juanek gudari moduan jokatu zuen, eta azkenean Bilboko Larrinaga kartzelan amaitu zuen hainbat joan-etorri egin ostean. Gerraostean, Bermeora itzuli eta itsas lanetan murgildu zen”.

Merkataritza ontzidiko Espainiako kapitainik gazteena izan zen Jon Anasagasti izan da beste gizonezko omendua. 1973an, 22 urtegaz atera zuen titulua. Gainera, Bilboko Portuko jardueraren buru izan zen 2015ean jubilatu zenera arte. Hain zuzen, Lameragane Txokoaren eta Bermeoko udalaren ordezkariekin batera, Bilboko Portuko zuzendaria den Karlos Alzagak ere parte hartu du omenaldian, eta Anasagastiri berak eman dio oroigarrietako bat.

Omenaldiaren ostean, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako egunik berezienetakoa den parrandan murgildu dira belaunaldi desberdinetako bermeotarrak. Beste urte batez, olatu koloretsua osatu dute eguerdiko jaitsieran. Goiko plazatik Taraskarainoko kalejiran umorez busti dituzte bazterrak. Tradizioari eutsiz, jaietako zapiagaz eta lore sortagaz apaindu dute Taraska.

HITZA

11 / 09 / 2019

Otras noticias

  • Citas
  • Volante de empadronamiento
  • Volante de convivencia
  • Expedientes económicos
  • Deporte on-line
  • Recibos de basura
  • Multas
  • Matrículak
  • Plusvalías
  • Tributos municipales

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0