Prentsa

Prentsa

Festarik festa, plastikozko hondakinek ingurumenean duten eraginaz kontzientziatuz

‘Jaietan ere: Hondakinik onena, sortzen ez dena’ lelopean, Zero Zabor Uretan ekimenak udako jaietan kostako herrietan sortzen diren hondakinen inguruko kontzientziazio eta prebentzio kanpaina egiten du.

Herriko jaietan norbere bizilekua garbi mantentzeak are garrantzi handiagoa hartzen du. Zero Zabor Uretan ekimenean, Pasaiako Itsas Gela Elkarteak nabigatzen Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak, Eusko Jaurlaritzaren, Ihoberen, Ecoembesen edota Liberaren laguntzagaz, arrantza herrietako udako jaietan itsasoko zaborraren inguruan herritarrak kontzientziatu eta zaborrak sortu eta botatzearen prebentzioa sustatu gura du.

Mutriku, Santurtzi, Donostia eta Pasaiatik igaro ostean, udako azken geldialdia Bermeoko portuan egin du Mater ontziak, herrikoak Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak ospatzen ari direla. Bi egunetan, atzo eta gaur hain zuzen ere, Materreko tripulazioak hainbat ekimen prestatu ditu kontzientziazio kanpaina aurrera eramateko.

Esate baterako, Lameran ezarri duten Ekopuntura hurreratzen zirenei tailerretan eta erakusketetan parte hartzeko aukera eskaintzen izan dute. Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, iniziatiba barnean hiru tailer desberdin prestatu dituzte.

Esaterako, tailer batean mikroplastikoak zer diren lantzen dituzte jolas batekin. Horrekin batera itsasoan zein motatako hondakinak egon ahal diren asmatzeko kutxak dituzte, eta azkenik egunerokotasunean erabiltzen ditugun plastikozko materialen alternatibak ezagutzeko tailerra ere prestatu dute.

Tailerrak batez ere etxeko txikienentzat zuzendutakoak direla azaldu dute, baina orohar kontzientziazio lana guztiena dela diote. “Zer nolako arazoa dugun ikusteko balio dute. Hondartzetan eta itsasoetan aurkitu ahal ditugun plastikoak ezagutzera ematen ditugun”, diote arduradunek.

Zabor arrantzan. Ekopuntuan egindako ekimenekin batera, interesatuei Mater ontzia bisitatu eta ezagutzeko aukera ere eskaintzen diete. Ez da ontzian egiten duten jarduera bakarra, baina.

Iniziatibaren baitan, izena ematen duten partaideekin batera itsas hondakinen arrantza saioa egiten dute ontzian. 20-25 pertsonako taldeentzat pentsatuta, “modu dinamikoan” antolatzen duten jarduera da. Taldea hiru postutan banatzen da ontzian: talde batek behaketa lanak egiten dituen bitartean, beste biek arrantzan aritzen dira.

Izenak dioen bezala, ez dira arrainen bila aritzen, itsasoan sakabanatuta aurkitzen diren hondakinen bila baino. Arrantzale batzuk sare handi batekin, eta besteak salabardoekin, lehenik entrenamendu saio bat egiten dute portuan bertan. Oinarrizko lan egiteko modua ikasita, itsasora irtetzen dira, zabor kopuru handi bat dagoen gune bat aurkitu arte. Bertan, postuak txandakatuz, parte hartzaileek zaborra biltzen dute ordubetean.

Arrantza saioagaz batera, mikroplastikoak batzeko sare berezi bat erabiltzen duten Materrekoek. Bertan, ordu erdian bildutako mikroplastikoen lagin bat atera, eta itsas eremu horretan dagoen “hondakinen kontzentrazio orokorra” kalkulatzen dute saio bakoitzean.

Bermeoko gaurko arrantza saioa eguraldiagatik bertan behera gelditu bada ere, esperientziak “balorazio positiboa” edukitzen duela diote arduradunek.

Kontzientziazioa. Mater ontziko langileek dioten modura, “ez dago gure esku dena garbitzea. Gure helburua jendeari erakustea da, biltzen dugun zabor hori guk egunero erabiltzen ditugun patata poltsez, jogurt potoez edota xaboi botilez osatuta dagoela”.

Udan egindako kanpainagaz pozik agertu dira, eta ahal izanez gero datorren urtean “errepikatzeko” gogotsu agertu dira, ”plastikoek ingurumenean, tokiko ekonomian, segurtasun eta osasun publikoan, eta itsas inguruneant sortzen duten inpaktuari aurre egiteko”.

Itsas Gela Elkarteak 2001. urtetik darama itsas kulturak ondare eta ingurumenaren kontserbazio eta sozializazioaren ikuspuntu ematen dituen aukerak ezagutzera emateko lanean

HITZA

11 / 09 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0