Prentsa

Prentsa

Biosfera erreserban ikerlari

Erasmus + proiektu bateko kide da Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxea, Galesko eta Greziako beste bigaz batera. Biosfera erreserbetan lan egingo dute.

Garapen jasangarrian hezteko asmoa daukan proiektua dauka esku artean Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeak. Hain zuzen, Erasmus + programaren baitako Citizen Science for Education in Sustainable Development proiektuaren partaide dira ikastetxe horretako DBH 4. mailako ikasleak. Erakunde ezberdinek parte hartzen dute proiektuan: Greziako eta Galesko ikastetxeak, unibertsitate, enpresa eta erakundeak eta baita ere Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU).

Nazio Batuen Garapen Jasangarriaren Helburuetan (SDG) oinarritutako hezkuntza bideratuko da proiektu horretan. Baina, batez ere, garapen jasangarriak zer adierazten duen landuko dute ikasleekin, eta nola pertsona denek lagun dezaketen jasangarritasun horretan. Horretarako, biosfera erreserbetan lan egingo dutela adierazi du Sagrado Corazon ikastetxeko irakasle eta proiektuko kide Itziar Tojak.

Ingurumen datuek daukaten garrantziaz ohartuko dira ikasleak, eta ikasi egingo dute datu horiek biltzen, interpretatzen, elkarbanatzen eta erabiltzen. Berton, Urdaibaiko Biosfera Erreserban egin zuten lehenengo trukaketa, urrian. “Galestarrak eta greziarrak etorri ziren Busturialdera, eta esperientzia ederra izan zen. Egia esateko, proiektuak berak biosfera erreserbekin lotura zuzena dauka, eta tokian bertan lan egiteko aukera ematen du2, azaldu du Tojak.

Ikasleak eurak zientzialari bihurtzen dira, eta enpresa batek garatutako mugikorrerako plataforma baten laguntzagaz datuak biltzen dituzte. Hala, teoria bakarrik ez, praktikagaz ere ikasteko aukera daukate proiektuko kideek. Aztarnak eta datuak batu dituzte Urdaibai Biosfera Erreserban, eta eboluzioa ikusteko aukera izango dute leku desberdinetan, biosfera erreserba desberdinetan bildutakoa alderatuz. “Urdaibain egin dutena Greziako Monte Olinpon egingo dute, eta Galesko Dyfi Biosfera Erreserban gero”, aipatu du Bermeoko irakasleak.

Bertoko esperientziaren berri Euskal Herriko Unibertsitateak Ekoetxea Urdaibain egin zuen kongresuan eman zuten Sagrado Corazoneko ikasleek.

Mugikorrerako programa

Proiektu horri esker, ingurumeneko datuek daukaten garrantziaz ohartuko dira ikasleak. Horiek biltzen, elkarbanatzen eta erabiltzen ikasiz gero, planetaren funtzionamendua hobeto ulertzeko eta era jasangarrian kudeatzeko gai izango direla uste dute proiektuaren bultzatzaileek.

Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren baitan biltzen diren puntu batzuk aukeratu dituztela azaldu du Tojak, eta horiek lantzen ari dira ikasleak. “Datu bilketa diseinatu behar dute, erabiltzen ikasi behar dute, eta hori egindakoan, plataformaren QR kodea irakurri eta datuak sartu behar dituzte. Gainera, galdetegi berriak nola sortu ere ikasten dute. Hala, ikerketa beste arlo batera zabaldu nahi izanez gero, plataformaren erabiltzaileak ere izan daitezke, galdetegiak sortuz edozein arlotan erabiltzeko”.

Datuak bakarrik ez, multimedia elementuak ere igo daitezke plataformara: argazkiak, bideoak. “Urdaibain egon zirenean, adibidez, espezie inbaditzaileak aztertu zituzten, eta argazkiak atera. Datu horiek guztiak plataforman bertan geratzen direnez, Greziara edo Galesera doazenean espezieak eta paisaiak alderatu ahal izango dituzte”, Tojak jakinarazi duenez.

2020. urteko martxoan joango dira bermeotarrak Greziara, galestarrekin batera. Monte Olinpon ere datuak bildu beharko dituzte, galdetegiak sortu eta plataformak eskegi. Galesko Dyfi Bisofera Erreserbara joatekoak dira 2020-2021 ikasturtean, urria bueltan, baina, brexit-a dela eta, ez dakite aukera izango duten: “Baietz espero dugu”.

HITZA

09 / 12 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0