Prentsa

Prentsa

Urdaibaiko esentzien usainak Bermeon

Urdaibaiko esentziak usaindu eta dastatu ahal izango dira, bihar, Bermeon. Udaleko azokak, hain zuzen be, Gabonetako plaza berezia zabalduko dau, 10.00etatik 15.00etara arte. «Herritarrek, eta baita bisitariek be, aukera ederra eukiko dabe geure ortuarien eta ganerako merkatarien kalitatezko produktuen erosketak egiteko, bai bihar eta baita datozen eguneetan be», azaldu dabe Bermeoko Azokaren Elkarteko -Berazel- ordezkariek.

Azoka Gabon giroan ospatuko da, baserri eta itsasoko bertoko sasoiko produktuen salmentapostuen artean. Horrezaz ganera, eskaintza berezia izango da, izan ere, artisauen eskulanak erosi edo, «gura izan ezkero, sukaldari batek azokan bertan prestatutako karakolak edo makailaua jateko edo etxera eroateko aukera eukiko dabelako bertaratzen diran guztiek», aurreratu dabe.

Urdaibaiko esentziak proiektua dalakoa tokiko ekoizleak eta zonaldeko gastronomia nabarmentzeko eta sustatzeko sortu zan. «Abeltzaintzako ustiategiak, ortuak eta itsasoko produktuak Urdaibaiko kulturaren eta ekonomiaren eta bertako paisaiaren funtsezko partea dira eta», azaldu dabe ekimenaren bultzatzaileek.

Txistorra eta txakolina

Bermeoko Gabonetako azoka bereziaren egitarauari begira, bestalde, 11.00etan izango da inaugurazio ekitaldia, Jose Antonio Egia Musika Eskolako ikasleen eskutik. Bertaratutakoek ganera, txistorra eta Bizkaiko txakolina dastatu ahal izango dabez, azokako postuetan. Beste alde batetik, Berazel Elkartekoek aurreratu dabenez, abenduaren 24an «Mari Domingi eta Olentzero geure artera etorteko gonbidatu doguz, ume eta nagusien azkeneko gutunak batzeko».

EL CORREO

13 / 12 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0