Albisteak

Albistea

Bizkaiko suhiltzaileek umeentzako erakustaldia eskainiko dute domekan, apirilaren 10ean, Bermeon

 

Apirilaren 10ean, domekan, goizeko 12:00etatik aurrera Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileak izango dira Bermeoko Lameran eta umeentzako erakustaldi bat eta hainbat ekintza eskainiko dituzte. Era honetan, euren lana zein den erakutsiko dute era didaktiko eta ikusgarri batean. Horrela, besteak beste, auto istripu bat birsortuko dute eta biktimak nola ateratzen dituzten erakutsiko dute umeen parte hartzea bultzatuz. 

Horrez gain, Bizkaiko suhiltzaileen kamioia eta lanerako erabiltzen dituzten tresnak ezagutzeko aukera eskainiko dute  eta umeek mangerak ere erabili ahal izango dituzte. Ildo berean, tailer bat ere egingo dute zartaginak sua hartzen duenean zer egin behar den erakusteko eta umeentzako puzgarriak ere egongo dira. 

Baina ekimen gehiago egin ahal izango dira Bermeon Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen eskutik, izan ere marrazkiak egiteko mahaiak jarriko dituzte eta photocall bat ere ekarriko dute eta bertan suhiltzaileen jantzi eta kaskoekin argazkiak atera ahal izango dira.  

Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzua osatzen duten zortzi suhiltzaile-parkeek 6.764 abisu erantzun zituzten 2015ean zehar. Esku-hartzeen % 67 salbamendu-lanak egiteko izan zen; % 22, suteak itzaltzeko, eta % 11, ihesen inguruko laguntza teknikoa, eguraldi txarraren ondorioz ezarritako alertak eta prebentziorako zain-taldeak, batez ere. 

“Suhiltzaileen lana era ludiko eta dibertigarrian ezagutzeko aukera izango dugu domekan, apirilaren 10ean, Bermeon”, adierazi du Benito Ibarrolazak, Bermeoko Udaleko Zerbitzuetako zinegotziak. Horrela, herritarrak gonbidatu ditu ekimen hauetan parte hartzera.

06 / 04 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0