Albisteak

Albistea

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek adin guztietako herritarrentzat programa zabala eskainiko dute

‘Las Tea Party’s’, mikroantzerkiak, kontzertuak, suziriak eta umeentzako ekintzak, besteak beste, Bermeoko jaietan

 

 

Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek adin guztietako herritarrak jaiekin bete-betean gozatzeko programa zabala eskainiko dute irailaren 7tik 16ra. Dena den, irailaren 3tik aurrera motorrak berotzen hasiko dira Bermeon Almikako jaiekin eta hainbat ekitaldirekin eta irailaren 17an ere jai giro izugarria egongo da Bermeoko Uria XXXIV.  Ikurriña estropadarekin.

 Beraz, jai egun hauetan guztietan bai bermeotarrek bai kanpotik datozenek, musika, kirola, gastronomia, umeentzako ekintzak eta suziriak presente egongo diren jai egunetan disfrutatzeko aukera izango dute Bermeon. Horrela adierazi dute Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Jai Batzordeko kideek Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaien programaren aurkezpenean. 

Bermeoko alkateak Jai Batzordeko kideak eskertu ditu urte guztian zehar egindako lanagatik. “Bermeoko jaiak herrikoiak dira herriko taldeak inplikatzen direlako, gustu ezberdinetako ekintzak antolatzen direlako eta herriak parte hartzen duelako eta honek ematen dio gure jaiei duten bizitasuna” , azpimarratu du Bidegurenek. 

Nahiz eta jaiak irailaren 7an, eguaztenean, hasi, irailaren 3an, zapatuan, hainbat izango dira Bermeon egingo diren ekimenak, izan ere, arratsaldean Erraldoikada izango dugu Alde Zaharrean; eta gauean ‘Bermio dalako gure Mundue’ ikuskizuna Alkartasuna Dantza Taldea, Bermeoko Abesbatza eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren eskutik. Gainera kirola ere presente egongo da irailaren 3an Salome Campos Igeriketaren IV. Edizioa egingo baita. 

Irailaren 4an, domekan, Almikako jaiak ospatuko dira. 10:30ean hasiko dira ikurrinaren jasoera eta dunbadarekin eta untxi txapelketa, umeentzako puzgarriak, triki poteoa, I Nesken Proba txapelketa eta dantzaldia, besteak beste, izango ditugu. 

Jaien hasiera Goiko Plazan 

Irailaren 7an, eguaztenean, Bermeoko Txosnek antolatuta, Almikeko bajada izango dugu txosnataraino eta bertan txosnen irekiera izango da.  21:50ean Xixili aurkeztuko da Goiko Plazan eta 22:00etan alkatearen pregoia, ikurrina jasotea eta dunbadea izango dira leku horretan. Bermeotarrak Fanfarreagaz aurreskuek jaiei hasiera ezin hobea emango diote eta ondoren, Bermeko Kafe Antzokiak antolatuta,  Andeko Gomez DJ izango da. 

Irailaren 8an, eguenean, Andra Mari Egunean, goizeko 10:00etan udalbatza Goiko plazan batuko da alkate soinua entzuteko. Ondoren, Almikerantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldea, Bermeoko erraldoien konpartsa, Alkartasuna dantza taldea eta Aiarako musika bandarekin ‘Bermeo’ pieza joten. Almikan ohorezko aurreskua egingo zaio Udalari eta Erraldoien eta buruhandien ekitaldia ere izango da. 

Andra Mari Egunean  asko izango dira Bermeon ospatuko diren ekimenak, hala nola, Aiara Musika bandaren kontzertua Santa Maria Elizan eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren kalejira Alde Zaharretik. Baserriko kirol erakusketa ume aizkolariak Almikan eta esku pilota partidu nagusiak ikusteko aukera ere izango dugu (Elezkano-Merino/ Retegi Bi-Irusta; Irribarria-Barriola / AltunaII-Zabaleta) 

Umeentzako ipuin kontalaria eta tailerrak izango dira txosnatan eta umeen danborrada ere Andra Mari egunean izango da 18:00etatik aurrera.  Gaueko 22:00etan Valecea pirotekniaren eskutik suziriak izango dira. 

Arrantzale Eguna 

Irailaren 9an, barikuan, Arrantzale Egunean, Andekoko lagunek antolatuta meza egongo da Santa Eufemia elizan arrantzaleen omenez eta, ondoren, kalejira txistulariekin eta lore eskaintza egingo dira. Horrez gain, bateleroei, kordeleroei eta Juan Antonio Apraiz Koiote-ri omenaldia egingo zaie. 

Eguerdiko 13:00ean, bermeotarrontzat hain garrantzitsua den egun honetan, aurreskuak eta zabaletakoak egongo dira Goiko plazan eta, ohikoa den moduan, jaitsiera egingo da Taraskari lorak eskaintzeko. 

Egunean zehar fanfarreak herriko giroa alaituko dute eta 19:00etan Mariachi Imperial Villa Hidalgo taldeak kontzertua eskainiko du Lameran. Dantzan egiteko aukera  izango dugu 20:30ean dantza maratoian txosnatan eta  21:30ean Drindots taldearekin izango den dantzaldian Lameran eta jaiak aurrera jarraituko du goizaldeko 01:00ean Jaikide Diskofestarekin Lamerako kioskoan. 

Andra Mari Hirugarren Egunean, irailaren 10ean, zapatuan, ume eta gaztetxuen jolas parkea izango dugu Gonzalo Nardiz enparantzan goizez eta arratsaldez. Egun honetan ere XLII. Herri Kirolak, futbol partidua eta idi probak ikusteko aukera egongo da eta txosnatan ‘Visca la terra’ eguna ospatuko da, Països Catalanseko arratsalde kulturala, hain zuzen be. 

Bertso saioa ere izango da Artza frontoian eta Brigada Improductiva, Arkada social, eta Itziarren semeak taldeen kontzertuak izango dira Lameran, Txosna Batzordeak antolatuta. Lehengo eta bigarren kontzertuen artean Peluts de Foc taldearen Correfoc ekitaldia egongo da eta honetara kotoizko erropak eta burua estalita eraman behar dira derrigorrez. Kafe antzokiak eta Beleza Malandrak antolatuta, zapatuan Lie Detectors eta Giuda taldeen kontzertuak egongo dira Bermeoko Kafe Antzokian. 

Irailak 11, domeka, XLII. Sukalki eguna 

Irailaren 11n, domekan, XLII. Sukalki Eguna ospatuko da, Talan giro polita sortuz. Trikitixak eta fanfarreak giroa alaituko dute eta fanfarreekin egingo da bajadie. ‘Geuk eus’ kanpaina ere presente egongo da sukalki egunean photocall-arekin. Egun honetan ere Begoñako Amaren urpean tronuratzearen LIII. Urteurrena ospatuko da. 

Irailaren 12an, astelehenean, umeentzako bitsaren jaia eta ur jaurtiketa izango ditugu Lameran. XXXVI. Bermeoko Hiria Esku Pelota txapelketa egingo da eta egun honetan Bermeoko Play Back erraldoia egingo da, lehenengo umeen saioarekin eta ondoren nagusien saioarekin. 

Umeentzako puzgarriak, kale antzerkia eta txokolatada izango ditugu irailaren 13an, martitzenean. Horrez gain, F.I.T.A. eta Tximino taldeen kontzertuak izango dira txosnetan. 

Irailaren 14an, eguaztenean, hainbat izango dira Bermeok hartuko dituen jai ekimenak, umeentzako jokoak, talo tailerra, ginkana familiarra , mus txapelketa eta XXXVI. Bermeoko Hiria Esku Pelota Txapelketa izango baititugu. Gainera aurten nobedadea diren mikroantzerkiak ere izango ditugu Alde Zaharrean. Kabidxen hartuko dira sarrerak eta hortik aukeratutako mikroantzerkia ikustera eramango dituzte ikusleak ekimen orijinal honetan. Gauean Ochi di Farfalla eta Primeros Auxilioss taldeen kontzertuak txosnetan. 

Irailaren 15ean, eguenean, gozatzeko aukera pila izango dira Bermeon. Horrela, itsasoko eguna ospatuko da (kukaña, piraguak, platanoa, padel surf…) eta mus eta tortilla txapelketak ere izango dira. Egun honetan izango da danborrada, Aiarako Musika bandagaz, eta azken honek kalejira eta ekitaldia egingo du Gaztelun. Vinagres de Moderna eta Belatz taldeen kontzertuekin txosnetan eta suzko zezenarekin Goiko plazan ondo pasatzeko aukera ere izango dugu eguenean. 

Irailaren 16an, Santa Eufemia egunean, barikuan, baserri giroko azoka eta IV Oiloen erakusketa Lameran, abereen erakusketa Taraskan, okela dastatzea, trikitilariak, Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia, omenaldiak, XI. Batel estropada eta dantzaldiak egongo dira. 

Aurten ere balkoitik balkoira bertso saioarekin gozatu ahal izango dugu eta Pablo Berasaluzeri omenaldia egingo zaion Esku pelota partidu bereziarekin ere bai (Artetxe II- Ibai Zabala/ Artola-Imaz; Berasaluze II-Albizu / Olaizola II-Beroiz).  Ohikoa den moduan doluzko ibilaldia egingo da Xixiliri azken agurra emateko, gaueko 22:00etan. Ondoren Xixili erreko da eta suziriak, Zaragozana pirotekniaren eskutik. 

Gaueko 23:00etan Las Tea Party’s DJren musikarekin dantza egiteko aukera izango dugu Lameran eta goizaldeko 02:00etan Makatz Sound Syster-en pintxadie txosnatan. 

Nahiz eta jaiak irailaren 16an bukatu, oraindik martxak jarraituko du irailaren 17an, zapatuan, izan be, egun horretan XXXIV. Bermeoko Uria Ikurriña estropada egingo dalako. Horrez gain, Bermeoko Udalaren XLIII Plater Tiro Saria, kamiseta azoka, olinpiaden azken froga, herri bazkaria, elektromatxino elektrotxarangaz kalejira,  Bou Bizkaia Peñaren kalejira, olinpiaden sari banaketa eta Farsa Realidad, Sinnerdolls eta Akerbeltz taldeen kontzertuak egongo dira. 

Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako programa irailaren 1etik  aurrera egongo da salgai Bermeoko Turismo bulegoan eta Kultur etxean 1, 20 eurotan. 

Berdintasuna 

Bermeoko alkateak jaiak “denok disfrutatu ahal izateko errespetua eta elkar ulertzea” eskatu du. Zehazki, emakumearen askatasuna aldarrikatu du. Bere esanetan, “jaiak disfrutatzeko pertsona askeak izan behar gara, beldur barik ibiliko garan pertsonak, eta hau denon artean lortu behar dugu, alde batetik, eraso sexistarik onartzen ez den herria garela erakutsiz eta, bestetik, eraso sexistei erantzuna emanez”. “Ez, ez da”, nabarmendu du. 

Idurre Bidegurenek, Aingeru Astuik eta jai batzordeko kideek adierazi duenez, “gure herrian ez da musikarik, dantzaldirik, txapelketarik, omenaldirik, azokarik ezta ikuskizunik faltako”, baina Bermeoko Jaiak “duten enkantua bermeotarrok jaiak bizitzeko daukagun era berezi eta parte-hartzailea da, zalantza barik”. 

Azkenez, herritar eta herrira datozenei gonbitea luzatu die “mahonez jantzi eta gozatu”. “Jai zoriontsuak eta ondo pasa!”, nabarmendu dute.

 

11 / 08 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0