Albisteak

Albistea

Bermeok erraldoikada eta 'Bermio dalako gure mundue' ekitaldi berezia hartuko ditu zapatuan, irailaren 3an

Hainbat izango dira Bermeok hartuko dituen ekitaldi kulturalak hurrengo zapatuan, irailaren 3an. Horrela, alde batetik, Erraldoikada izango dugu 17:30etik aurrera Bermeon eta gaueko 22:00etan, Artza Frontoian, Bermeoko Abesbatzaren 60. urteurrena, Alkartasuna Dantza Taldearen 40. urteurrena eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 10. urteurrena ospatuko dira  ‘Bermio Dalako Gure Mundue’ ikuskizun berezian.

Erraldoikadari dagokionez, Joseba Batizek, Bermeoko Erraldoien Konpartsako kideak azaldu duenez, bertan erraldoien bost konpartsek parte hartuko dute, hala nola, Deustuko Ondalan, Santurtziko Mendialde, Donostiako Irrintzi, Iruñako Sanduzelai eta, zelan ez, gure Bermeoko Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari erraldoi bermeotarrak. 

Erraldoien kalejirak giro izugarria sortuko du Bermeoko kaleetan, ikuskizun polita eskainiz bertaratzen diren guztiei, izan ere, asko izango dira Bermeon batuko diren erraldoiak, musikariak eta dantzariak egun horretan. 

Erraldoikada 17:30ean hasiko da eta konpartsa bakoitza Alde Zaharreko leku esanguratsuetatik irtengo da: San Juan portale, Intxausti kalea, Nardiz tar Jon, Erremedio, eta Lamerako harrizko bankoa. 

Guztiak 18:00etan Goiko plazan batuko dira eta elkarrekin dantzan egin ostean, kalejiran joango dira Bermeoko Alde Zaharreko kaleetatik. 19:30ak bueltan Lamerarantz joango dira eta bertan 20:15ean banakako balsa dantzatuko dute eta 21:00etan talde guztiek elkarrekin balsa dantzatuko dute. Amaitzeko Olaturantz kalejiran abiatuko dira.   

‘Bermio dalako gure mundue’ ikuskizuna 

Bestalde, aurten Bermeoko herriko hiru kultur taldek euren urteurrena ospatzen dute, Bermeoko Abesbatzak 60, Alkartasuna Dantza Taldeak 40, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsak 10 urte betetzen dituztelako. Hori elkarrekin ospatzeko ‘Bermio dalako gure mundue’ ikuskizuna eskainiko dute Artza Frontoian gaueko 22:00etan. 

Talde bakoitzak bere aldetik egin ditu hainbat ekintza euren urtebetetzeak ospatzeko, baina elkarrekin ospatzea ere erabaki dute eta horrela guztiek batera ikuskizun berezi bat eskainiko dute, hain zuzen ere, ‘Bermio dalako gure mundue’ ekitaldia”. 

Ekitaldi honetarako sorpresaz beteriko programa berezia prestatu dute eta pertsona guztiak hau ikustera gonbidatu dituzte. ‘Bermio dalako gure mundue’ ikuskizuna Artza Frontoian izango da gaueko 22:00etan eta sarrera 3 eurokoa izango da. 

Hortaz, ekintza kultural pila izango dira Bermeon, dudarik gabe giro paregabea sortuko dutenak gure herrian. Horregatik, Bermeoko Udalak pertsona guztiak gonbidatu ditu ekitaldi hauetan parte hartzera.

 

 

31 / 08 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0