Albisteak

Albistea

Bermeoko Rally Gymkana urriaren 23an, domekan

 

 

Urriaren 23an, domekan, Bermeoko Rally Gymkana hartuko du gure herriak eta horren barne hainbat motatako frogekin disfrutatzeko aukera izango dute herritarrek eta kanpotik datozen pertsona guztiek, besteak beste, rallyetako segurtasun erakustaldia, kotxeen erakusketa, erlojupeko gymkana, rally eta drifteko autoak, kart krossak eta beste ekimen asko. 

Irune Ormaetxeak, Kirol eta Turismo zinegotziak, eta ekimen hau antolatu duten Mingorri Racing eta Izaro Bikers taldeko kide diren Aitor Kortazarrek eta Jon Aranak aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan erakusketa hau. 

Horrela, adierazi dutenez, domekan 10:00etatik aurrera eta egun guztian zehar Bermeoko Rally Gymkanarekin gozatu ahal izango dugu. 10:00etatik 12:00etara Landabasoko industrialdean hainbat ekimen izango dira, besteak beste, lona labainkorreko gida tekniken erakusketa eta gidatze segurua eta rallyetako autoen segurtasunari buruzko hitzaldia. 

Lona labainkorreko gida tekniken erakusketari dagokionez,  Automobilismoko euskal eskolak antolatutako ikastaro honetan, gidari bakoitzak 10 minututan errepidean ibilgailu baten kontrola galtzearen simulazio bat esperimentatuko du. “Arrisku egoera baten aurrean, istripua ekiditzeko, zer egin erakutsiko da”, azaldu dute. 

Bestalde, gidatze segurua eta rallyetako autoen segurtasun neurriei buruzko hitzaldia eskainiko da eta, horren helburua da, herritarrei jakinaraztea errepideetan azkarregi joatea ez dela bidezkoa, izan ere, “lehiaketetako ibilgailuek eramaten dituzten segurtasun ekipamenduak erakutsiz ibilgailu arruntak horrelakorik ez dutela ikusiko dute”. 

Ondoren, 12:00etan Rally autoen erakusketa egongo da Portuzarrean eta herritarrek hainbat ibilgailu berezi eta ikusgarri ikusteko aukera izango dute: Kart Croos, Speed Car,.. eta 13:00ak inguru auto kalejira egingo da herriko kaleetan eta, hortik, Landabasoko poligonora abiatuko dira.  Ondoren, indarrak berreskuratzeko bazkaria egongo da. 

15:00etan Rally eta Drift lehiaketako lehen taldeko lehen parte-hartzaileen irteera izango da, kronometratua izango da eta talde hau hamar pilotuk osatuko dute. 16:00etan Kart Cross, Citroen Ax Hayabusa, Speed Car… bigarren taldeko lehen parte-hartzaileen irteera izango da eta hau ere kronometratua izango da. 

18:45ean lehen eta bigarren taldeen finala izango da eta, finalera, talde bakoitzetik puntuazio onena lortu duten bi parte-hartzaileak, joango dira. 19:30ak inguruan sari banaketa eta agurrarekin amaiera emango zaio Bermeoko Rally Gymkanari. 

Ormaetxeak adierazi duenez, Bermeoko Rally Gymkanak ikuskizun polita eskainiko du eta rallyarekin giro izugarrian gozatzeko aukera izango dugu  Bermeon. Horregatik pertsona guztiak gonbidatu ditu Bermeoko Rally Gymkanara.

 

 

 

18 / 10 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0