Albisteak

Albistea

Busturialdeko Gazteria zerbitzuek 'negozio ideien garapen ikastaroa' antolatu dute azaroaren 28tik 30era

‘Lana Bilatzea, Lana Da’ programaren barruan kokatuta dago eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako “Gaztedi Busturialdea” hitzarmenean oinarritzen da

 

'Enpresa ideien eta negozioen garapen ikastaro’ hau Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako Udaletako Gazteria Sailek antolatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiaren 'Gaztedi Busturialdea' proiektuaren barne izanik. 

Azaroaren 28an, 29an eta 30ean, goizez, 09:00etatik 14:00etara, Mundakako Tribisarrospe eraikinean izango da. Coach&Play enpresak emango du ikastaroa eta Lego Serious Play metodologia berritzailea erabiliko da. 

Negozio ideien garapen ikastaro hau “Lana bilatzea, lana da” programaren barnean kokatzen da eta Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketan aurkezten diren gazteei eta hauen ideiei bultzada bat emateko asmoz  antolatu da. Azken bi urteetan 43 enpresa ideia aurkeztu dira lehiaketara. Aurtengo edizioaren izen emate epea barikuan, azaroaren 11ko 14:00etan, bukatuko da. 

Ekintzailetzaren inguruan egiten diren formakuntza eta lehiaketa hauen helburu nagusiak ekintzailetza kultura hedatzea, Busturialdeko eskualdean lana eta aberastasuna bultzatzea eta eskualdeko ekonomia sustatzea dira. 

Gaztedi Busturialdea proiektuan parte hartzen duten herrietan erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko gazteek dohainik parte hartu ahal izango dute ikastaroan. Hala ere, ikasle kopurua mugatua izango da eta aldez aurretik izena eman beharko da Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuan (946179 58, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean), Urremendi Landa Garapen Elkartean (946257609, Gernikako Plazako lehen solairuan) edo Gernikako Gazte Informazio Bulegoan (946270215, Gernikako Kultur-Etxean). Azkenengo eguna azaroaren 24a izango da. 

 

 

09 / 11 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0