Albisteak

Albistea

Bermeo kulturaz eta artez beteko da Fair Saturday ospatzeko bihar, zapatuan, azaroaren 26an

Kontzertuak, dantzaldiak eta umeentzako ekimenak, besteak beste, izango dira Bermeon, eta lortutakoa helburu solidarioetara bideratuko da

Bihar, azaroaren 26an, zapatuan, Bermeo kulturaz eta artez beteko da Fair Saturday ekimena ospatzeko. Solidarters Fundazioak bultzatutako ekimen horrekin mundua, arte eta kulturaren bidez aldatu nahi da. Horrela, Bermeoko Udalak bat egin du, eta bihar Bermeon herriko elkarteek antolatutako adin guztietarako kultur egitarau zabal batekin gozatzeko aukera egongo da eta, aldi berean, proiektu solidarioei lagunduko zaie. 

Fair Saturday mundu mailan ematen ari den mugimendua da, urtero azaroaren azken zapatuan ospatzen dena. Bere helburua da kultura elkarteek egiten dituzten arte eta kultura lanak hedatzea eta balioan jartzea; eta, aldi berean, proiektu solidarioei laguntzea. “Bermeon lehenengo aldiz egiten da, eta espero dugu harrera ona izatea eta hurrengo urteetan indartzea eta sendotzea”, adierazi du Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak. 

Egitaraua 

Herriko elkarteen eskutik, goizeko 12:00etan emango zaio hasiera Fair Saturday ekimenari. Horrela, 12:00etatik 14:00etara Kabidxe gune sozialan, ume eta nagusiei zuzenduta; eskulanak, dantzak, eta karaokea antolatuko ditu MB2000 zerbitzu soziokulturalak. Ipuin Lapikuek ipuin kontaketa saioa eskainiko du leku berean. Bere aldetik, Alde Zaharreko Haitz Nagusije elkarteak Alde Zaharretik ibilbidea eskainiko du, eraikin edo/eta gertaera garrantzitsuen kontaketa eskainiz. 

Bestalde, eguerdiko 13:00etik 14:00etara Alkartasuna Dantza taldeak Lamerako kioskoan zapia jartzen irakasteko ikastaroa eta ‘Dantzaz Blai’, euskal dantzekin bihotzak alaitzeko eta denak parte hartzeko erromeria egingo dute. Euria egiten badu, Taraskan izango litzateke. 

Baina Fair Saturday-ek arratsaldean eta gauean ere jarraituko du. Arratsaldeko 19:00etan Lamerako kioskoan, Txo Sevillaren erakustaldian, dantzak ikusteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. 

Era berean, Dantzatu Gurekin taldeak antolatuta, 19:00etan ‘Dantzatu Gurekin’ dantzaldia hasiko da. Lehenengo karro musikala Bermeoko kaleetara aterako dute, eta 20:30ean dantzaldiari hasiera emango zaio Bermeoko Kafe Antzokian. Ildo berean, gaueko 21:30etik aurrera Nuntxaku Kultur elkarteak antolatuta Kapillen lau musika talderen kontzertuak izango dira: Mean Machine, The Hammer Killers, Puro Odio eta Cruz de Hierro Sound System.  

Helburu solidarioak 

Bermeoko Fair Saturdayen lortutako etekinak hainbat Bermeoko elkarte eta proiektu solidarioentzat izango dira; hain zuzen  ere, Rett sindromearen ikerketan laguntzea helburu duen Nere Izarra Rett elkartearentzat; beharrizanak dituzten pertsonei laguntzen dien Kate Sarearentzat; eta umeen estimulazioa eta garapenerako Laztana elkartearentzat. 

Horretarako, ekitaldi guztietan, kontzertuetan izan ezik, kutxa batzuk jarriko dira bakoitzak nahi duen kopuruarekin laguntzeko. Nuntxaku kultur elkartearen kontzertuen kasuan bost euroko sarrera izango da. Horietan jasotakoa aipatutako elkarteetara zuzenduko da euren proiektu solidarioak laguntzeko, hain zuzen ere. Alkartasuna Dantza taldearen ekitaldian, jatekoa ere batuko da Kate Sarea elkartearentzat. 

Hortaz, pertsona guztiak gonbidatuta daude bihar, zapatuan, azaroaren 26an, Bermeon Fair Saturday ospatzera, kultura eta artearekin gozatzera, proiektu solidarioak aurrera ateratzen laguntzen dugun bitartean. “Denon parte hartzea eta inplikazioa garrantzitsuak dira”, nabarmendu dute. 

25 / 11 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0