Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Bizkaiko Aldundiari Sollubeko frankismo garaiko monumentua kentzeko baimena eskatu dio

 

 

Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari Sollube Ganen dagoen diktadura frankista garaiko monumentua kentzeko baimena eskatu dio, izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiko jabetzako lurretan dago.

Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, azaldu duenez, “Bermeoko udal mugartean diktadura frankista garaiko monumentu oroigarri bat dago, hain zuzen ere, Sollubeko gudan indar armatu faxisten hildakoen omenez eraikitako monumentu oroigarria; eta hori da Udalak kendu nahi duena”.

Ibarrolazak adierazi duenez, Gerra zibilean eta diktaduran pertsekuzioa eta biolentzia jasan zutenen aldeko eskubideak onartu eta gehitu eta euren aldeko neurriak arautzen dituen Estatuko 52/2007 Legeak horrelako monumentuak kentzeko aukera ematen du. “Hori horrela, Udalak aukera edukiko luke aipatutako monumentua kentzeko”, azaldu du.

Alabaina, zehaztu duenez, “kontuan hartu behar da lur pribatuetan dagoela”; eta, kasu horietan, 52/2007 Legearen arabera, ezer egin aurretik baimena eskatu beharko zaio lurraren jabeari.

“Hori dela eta, lurraren jabea den Bizkaiko Foru Aldundiari baimena eskatu diogu eta espero dugu erantzuna baiezkoa izatea diktadura frankista garaiko monumento hori ahalik eta arinen kendu ahal izateko”, azpimarratu du Benito Ibarrolazak.

 

04 / 04 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0