Albisteak

Albistea

Bermeoko udal azoka 'Sasoiko elikagaiak aukeratu. Zu irabazle' kanpainara gehitu da

Bermeoko udal azokak irudi berrituarekin ateak ireki ditu lanak bukatu ondoren

 

Bermeoko Udal azoka Eusko Jaurlaritzaren eta Elikaren ‘Sasoiko Elikagaiak aukeratu. Zu irabazle’ kanpainara gehitu da, Berazelek, Bermeoko udal azoka elkarteak, jakinarazi duenez. Kanpaina honen helburua da herritarrek euren osasuna eta ongizatea elikaduraren bidez zaintzea.

Kanpaina honen bidez, azokako postuetan hilero sasoiko fruta, barazki eta arrain bat sustatuko dira, herritarrek elikagai horien propietateak ezagutzeko eta modu osasuntsu eta seguruan prestatzen ikasteko helburuarekin. Horrela, sasoiko elikagaiekin fitxak banatuko dira, propietate osasuntsu, elikagarri eta gastronomikoei buruzko informazioarekin eta baita ere errezeta erraz eta osasuntsuen gomendioekin. 

Berazelek herritarrak bilduma hau egitera animatu ditu “gure sasoiko produktuei buruzko informazio interesgarria emango digulako eta gainera errezeta gozo eta osasuntsuak ere eskainiko digulako”. “Erdu udal azokara eta egin sasoiko elikagaien bilduma”, azpimarratu du Berazelek. Ildo horretan, azokako lanak egin ondoren, udal azokak irudi berrituarekin berriro ateak ireki dituela gogoratu du Berazelek.

Lan horien bidez, Berazelek gogoratu duenez, Bermeoko Udalak “plazako zorua egokitu du eta erdiko argi-zuloa kendu du, irudi berri bat emanez eta aldi berean hezetasunak saihestuz”.  “Proiektu horrek bezeroen eta saltzaileen beharrizanak kontuan hartu ditu  eta, horri esker, azokak espazioa irabazi du, mugikortasuna asko hobetu da eta, hortaz,  toki erakargarriagoa eta erosoagoa bihurtu da bezeroentzat”, nabarmendu dute.

 

14 / 03 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0