Albisteak

Albistea

Datorren ikasturteari begira, psikomotrizitate erlazionala formazio homologatua antolatu dute Busturialdeko gazteria zerbitzuek

Matrikula epea uztailaren 12ra arte zabalik dago eta ikastaroa irailaren 13tik 2020ko maiatzaren 30era izango da Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxean

 

Datorren ikasturteari begira, “Psikomotrizitate erlazionala: aukera berdintasunerako eta emozioen lanketarako” (125 ordu) formazioa antolatu dute Busturialdeko gazteria zerbitzuek eskualdeko gazteei zuzenduta, ‘Lana bilatzea, Lana da’ programaren barne. Ikastaroa gainditzen dutenek, Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulazioa lortuko dute. Matrikula epea uztailaren 12ra arte zabalik dago.

Mapi Urresti Ortiz psikomotrizista eta Kuttun Psikologia eta Osasun Emozional Zentroko arduradunak eskainiko du ikastaroa. Ikastaroan elkarregaz txertatzen diren hiru alor teorikoak landuko dira: aukera berdintasuna, emozioen hezkuntza eta psikomotrizitate erlazionala. Hiru gai nagusi horiek marko teorikoa azaltzeko banatuko badira ere, formakuntza teorikoan uneoro egongo dira elkarrekintzan.

Formazioa 125 orduz osatua dago. Horietatik, 104 ordu aurrez aurreko saio teorikoak izango dira. Halaber, urte bukaeran eta bi hilero, bideoak aztertuz egin behar den lanerako beste 21 ordu erabiliko dira. Haurrekin ikastetxean bete beharreko orduak ez dira formazioaren barne sartzen.

Eskolak bariku arratsaldeetan (17:00-21:00) eta zapatu goizetan (09:00-14:00) izango dira, hilean behin, 2019ko irailetik 2020ko maiatzera arte. Ikastaroa Gernika-Lumoko Allende Salazar eskola publikoan emongo da.

Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera ‘Gaztedi Busturialdea’ hitzarmena sinatu duten udalerrietako batean (Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka edota Sukarrieta) erroldatutako 35 urtetik beherako gazteek 450 euroko matrikula ordaindu beharko dute. Hala ere, ikastaroa bukatu ondoren %90etik gorako parte-hartzea izan dutenei 100 euro itzuliko zaizkie.

Eskualdeko gainerako herrietan erroldatutako gazteek edo Busturialdetik kanpo erroldatutakoek, ordea, 700 euro ordaindu beharko dituzte, beti ere plaza libreak geratuz gero. Horien kasuan, ez zaizkie dirurik itzuliko. Horrela, lehentasuna izango dute arestian aipatu udalerrietan erroldatutako 35 urtera arteko gazteek.

Izena emateko epea uztailaren 12ra arte egongo da zabalik www.gaztedibusturialdea.eus webgunearen bitartez. Plaza kopurua mugatua da (15 leku daude). Beraz, eskainitako plaza kopurua interesdunen kopurua baino txikiagoa bada, hautaketa egingo da eskabidea egin dutenen artean. Lehentasuna izango dute Magisteritzako, Psikologiako edota Lehen Hezkuntzako Goi Mailako ikasketak bukatuta duten eskualdeko gazteek.

Ikastaroa Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuaren barne.

 

20 / 06 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0