Albisteak

Albistea

Itsas market merkatua, itsasontzien prozesioa eta lore eskaintza besteak beste, Bermeon, Galernaren 107.urteurrenean

Bermeon 1912ko abuztuaren 12an gertatutako galernaren 107 urte beteko dira eta hori gogoratzeko Galerna Taldeak eta Bermeoko Udalak hainbat ekitaldi antolatuko dituzte hurrengo asteburuan, hau da, abuztuaren 10ean, 11n, eta 12an.  Besteak beste, Itsas Market merkatua (Olatuko Kaian), itsasontzien prozesioa eta lore eskaintza egingo dira. 1912ko galerna XX. mendeko lan istripurik handiena izan zen gure mugetan eta ezbehar horretan 143 arrantzalek bizia galdu zuten.

Ekitaldiak abuztuaren 10ean, zapatuan, hasiko dira; izan ere, egun horretan, Itsas Market merkatua hasiko da Bermeoko Portuko Olatu kaian

Itsas Market-en egingo diren ekimenak asko izango dira: atun ronkeoa, Alkartasuna Dantza Taldearen ikuskizuna, ‘Magallanes Elkano espedizioko Bermeoko zazpiak’-i buruzko hitzaldia (18:00)….   

19:30ean txosnak zabalduko dira eta atun errea dastatu ahal izango da, 20:00etatik aurrera Kanta kanta lorue taldearen ikuskizuna eta 22:00etan pintxadie txosnan.

Abuztuaren 11n, Itsas Marketarekin jarraituko dugu egun osoan. 18:00etatik aurrera, Berton (Bermeoko enpresa txikien elkartea) eta Eutsi Gogor Danok Batera elkarteen eskutik, umeentzako tailerrak egingo dira bertan. Gainera, 19:30ean emakumeei eta itsasgizonei omenaldia egingo zaie antzerki polit batekin. Bukatzeko, Artisautza Elkarteko bazkideen desfilea egingo da.

Abuztuaren 12an, astelehenean, galernaren 107. urteurrena betetzen denean, Itsas Market-a egun osoan izango dugu zabalik. 17:30ean 1912ko galernaren gaineko hitzaldia izango dugu eta, ondoren, ‘Galerna, infernua itsasoan 1912-2012’ filmaren proiekzioa, gaztelaniaz azpititulatuta.

Arratsaldean ere, 20:00etan, kontzertu akustikoa entzun ahal izango da Bermeoko Olatuko kaian Galerna Taldeak antolatuta.

Prozesioak eta lore eskaintza

Ildo berean, Bermeoko 1912ko galernan hildako 143 arrantzaleak omentzeko, arratsaldean, itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira, eta gaueko 21:00etan itsasontzien prozesio isila egingo da Xixilirantz. Aldi berean, 21:00etan lehorrean dauden herritarrak Baztarretik Portuzaharrera jaitsiko dira Kankinkabara txistularien soinuak lagunduta eta bertan Serrat enpresak kandelak banatuko ditu galernan euren bizia galdu zuten arrantzaleak gogoratzeko. 21:30ean lora eskaintza egingo da ekitaldi hunkigarri batean. Ondoren Izaro Abesbatzaren ekitaldia egingo da.

Pertsona guztiak ekitaldi horietan parte hartzera gonbidatuta daude “gure arrantzaleak, gure historiaren momentu garrantzitsua eta itsasoarekin dugun lotura gogoratzeko”.

1912ko galernan Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan zeuden 143 arrantzale hil ziren, euretatik 116 bermeotarrak, eta besteak inguruko herrietakoak, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak, hain zuzen ere.

1912ko galerna XX. mendeko lan istripurik handiena izan zen gure mugetan eta, hori dela eta, 107 urte betetzen direnean, urtero bezala, Bermeoko herriak arrantzale guzti horiei eta euren bizia aurrera atera behar izan zuten familiei omenaldi txiki bat egin nahi die. 

06 / 08 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0