Albisteak

Albistea

'Birziklapenean jaioak gara' ekimena Bermeora helduko da, Euskadik Ekonomia Zirkularraren alde egiten duen apustuan parte hartzera animatzeko, hondakinen kontsumo arduratsuaren eta birziklatze handiago eta hobearen bidez

Kanpaina asteazken eta ostegunean egongo da Bermeoko Lameran

Erakusketaren bitartez, hondakinak murrizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko hartu behar ditugun eguneroko ohiturei buruz informatu eta kontzientziatu gura da

Jardueren helburua,  ontzien %70 eta hondakinen %60 birziklatzea eta hondakinak %10 murriztea da.

Jende guztia Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bultzatutako Ekonomia Zirkularraren aldeko apustuan parte hartzera animatzeko Euskadiko kaleak zeharkatzen dituen “Birziklapenean jaioak gara” kanpaina Bermeora iritsiko da hirugarren urtez jarraian. Asteazken eta ostegun hauetan, hainbat jardueraren bitartez herritarrak sentsibilizatzeko ahalegina egingo da, aitzakiak alde batera uzteko eta modu arduratsuan kontsumitzearen eta sortzen ditugun hondakinak hobeto birziklatzearen alde egiteko.

10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, Bermeoko Lamerara hurbiltzen diren guztiek, berrerabilitako obra-edukiontzietan eta kaleko beste edukiontzi ludiko batzuetan antolatutako hainbat jardueratan parte hartu ahal izango dute:

CIRCULAR THINKING. Egin bat Euskadik ekonomia zirkularraren alde egiten duen apustuarekin. Jardueraren helburua modu linealean pentsatzetik modu zirkularrean pentsatzera pasatzeko beharrezko jarraibideak ematea da. Modu interaktibo eta dibertigarrian, apustu horretan zelan parte hartu erakusten du, kontsumoa murriztuz eta modu arduratsuan kontsumituz, berrerabiliz, hondatzen dena konponduz eta sortzen diren hondakinak birziklatuz.

BIRZIKLAPENEAN JAIOAK GARELA ERAKUTSI. Edukiontzi bakoitzean zein hondakin utzi behar den ikasteko jolasak, ikusmen-zorroztasun, adierazpen eta mugimendu proben bitartez.

EDUKIONTZI ERRALDOIEN JOLASA. Ezagutu eta birziklatu itzazu ez birziklatzeko jartzen ditugun 8 aitzakia nagusiak. Jolasen bidez, ohiko aitzakietarako soluzioak ematen ditu.

EUSKAL HERRI “BIRKIROLAK”. 'Birziklapenean jaioak garela” erakusteko egokituta dauden Herri kirolen proposamen dibertigarria.

Horrez gain, kanpainak, zerbitzu berezia du esperientzia dibertigarriaz gozatu gura duten ikastetxeentzat eta taldeentzat: eskoletako taldeentzako jarduera eta bisita gidatu bereziak. Erreserbak birziklatu@prismaglobal.es helbidean edo 637 211 151 telefono zenbakian egin daitezke.

Bermeo

Bermeoko Udalak altzariak, traste zaharrak, etxetresna elektrikoak eta abar jasotzeko doako zerbitzua eskaintzen die herritarrei. Aukerak hauek dira: garbigunera eroatea edo 94 612 11 77 (Koopera) telefonora deitu eta astearte iluntzean kalera ateratzea, bertan jaso ditzaten.

Erabilitako sukaldeko olioa birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko ahalegina ere egiten da. Bermeoko bizilagunek ontzi itxi batean gorde dezakete, eta udalerriko hainbat lekutan jarri diren 12 edukiontzietako batean utzi. Iaz erabilitako 11.300 kilo olio batu ziren.

Gainera, Udalak herritarren laguntza eskatu du udalerria garbi edukitzeko. Oso leku zikina edo hondakinez betea ikusiz gero, 94 617 91 00 telefono zenbakira deitu dezakete, edo Berhaz bulegora joan abisua ematera.

20 / 11 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0