Albisteak

Albistea

Euskararen Nazioarteko Eguna ekintzaz beteta dator Bermeon, asteburuan eta abenduaren 3an

Azaroaren 30ean egingo da Euskararen Egunaren jaia eta 2018ko Euskaraldian parte hartu zuten herritarrek orduan bizi zituztenak eta aurrera begira bizi nahi dituztenak sare batean josiko dituzte, beste ekimen batzuen artean

Bermeoko Jaioberrien Liburuaren aurkezpena abenduaren 1ean egingo da eta 2018an jaiotako 129 bermeotarrek euren bertsoak batzen dituen liburua hartuko dute

Arnasa gara ekitaldia abenduaren 3an egingo da Kafe Antzokian, herri euskaldunetako herritarrak eta euren bizipenak argira ateratzeko helburua hartuta.

Bermeon, 2019ko azaroaren 28an.- Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bermeon bi ekimen antolatu dira asteburu honetarako: Euskararen Eguneko jaia eta Bermeoko Jaioberrien Liburuaren aurkezpena. Lehenengoa azaroaren 30ean ospatuko da eta bigarrena, berriz, hurrengo egunean egingo da, abenduaren 1ean. Eta abenduaren 3an bertan, Arnasa gara ekitaldia izango da Bermeoko Kafe Antzokian.

Euskaraldiko batzordea lanean hasita dago dagoeneko eta lehen emaitza da azaroaren 30erako Euskararen Eguneko jaia, batzordeko parte diren Bermeoko Udalak herriko hainbat elkarte eta ikastetxerekin elkarlanean antolatu duena. Gainera, Euskaraz Bizi Nahi Dut ekimena batu zaio eta goiz osoko egitarau oparoa antolatu da. 2018ko Euskaralditik urtebete pasa denean, parte hartzaileek orduan bizi zituztenak eta aurrera begira bizi nahi dituztenak sare batean josiko dituzte, eta sare hori, Goiko Plazako kioskoaren bueltan jarriko da. Helburua da kiosko inguruko sare horretan bizipenak eta desioak islaturik uztea.

Euskaraldian parte hartu zuten elkarte edo ikastetxeetako kideek euren bizipen eta desioak idatzita eramango dituzte Goiko Plazara azaroaren 30ean. Han, Amaia Artetxe kazetari bermeotarrak gidatuta, parte hartzaileek irakurri eta sarean eskegiko dituzte. Idatzita ez daramaten pertsonek, hala ere, aukera izango dute bertan egiteko. Gainera, ekimen honetaz gain, egun horretan bertan, Bermeo inguruetako ondarea ezagutzeko mendi martxa egingo da. Goiko Plazan ere ekintza hauek aurreikusi dira: umeentzako jolasak, talo tailerra, ergometroa, Motx pailazoa, koreografiak, Larrain dantza, argazki erraldoia… 

Jaioberrien liburua

Abenduaren 1ean, berriz, Bermeoko Jaioberrien Liburuaren aurkezpena egingo da. 2018an jaiotako 129 bermeotar txikiek euren bertsoak batzen liburua batuko dute Bermeoko alkatearen, Aritz Abaroaren, eta Euskara zinegotziaren, Kepa Zumetaren, eskutik. 2002 urteaz geroztik, Bermeon jaio diren ume guztiei bertso-papera egiten zaie. Bertso-papera koadroan etxean jasotzeaz gain, urtero bezala, liburua ere jasoko dute. Liburuan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia. Bertsoaren azpian, bertsolarien izena aitatzen da, eta bertsoa kantatzeko doinua ere. Bermeoko Kafe Antzokian egingo den ekimena Amaia Artetxe kazetari bermeotarrak aurkeztuko du. 

Arnasa gara ekitaldia

Bestalde, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean bertan, ekitaldi berezia egingo da Kafe Antzokian, arratsaldez, 18:30ean. Arnasa gara elkarlanaren emaitza da. Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UEMA dira ekimen honen bultzatzaileak eta arnasgune diren hainbat udalerritan ari da egiten ekimena, tartean, Bermeon.

Ekitaldian, primizian, EITBk ekoitzitako “kartzela” serie digitalaren 2 kapitulu aurkeztuko dira eta serie digitaleko aktoreekin solasaldia izango da ondoren. BECen harrapatuta dauden arnasguneetako sei lagun dira protagonistak, handik irten gurean topo egingo dute eta zelan irten pentsatzen hasiko dira. Zazpi kapituluk osatzen dute serie osoa eta abendutik aurrera ikusgai egongo da EITBren plataforma digitalean. Amaitzeko, mokadua egongo da bertaratzen diren guztientzat.

28 / 11 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0