Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak astelehenetik aurrera hainbat zerbitzu jarriko ditu martxan

Besteak beste, liburutegian eta kiroldegian hainbat gune zabalduko dira

Bermeon, 2020ko ekainaren 5ean.- Bermeoko Udalak hainbat zerbitzu jarriko ditu martxan astelehenetik aurrera. Izan ere, irekiera egoera honek zerbitzuak pixkanaka abiatzeko aukera ematen du, betiere osasun eta segurtasun neurriak betez. Horrela, besteak beste, Udalak liburutegiak eta kiroldegiak eskaintzen dituzten hainbat zerbitzu berriz irekiko ditu.

Kiroldegiak fitness gimnasioko kardio eta giharketa guneak, biking gela (saio birtualekin) eta beheko gimnasioa (kardioa lantzeko makinekin) zabalduko ditu. Hala ere, erabiltzaileek hainbat neurri hartu beharko dituzte:

-Abonatuei eta langileei tenperatura hartuko zaie kiroldegira sartu aurretik.

-Oinetakoak eta eskuak desinfektatu beharko dira kirol guneetara sartu aurretik.

-Irekiko diren zerbitzuak erabiltzeko hitzordua hartu beharko da. Kiroldegiaren helbide elektronikoan (https://www.tramiteakonline.bermeokoudala.eus/tramiteakonline/) edo telefono bidez (94 617 91 80). Hitzorduak ordu tarteen arabera banatuko dira.

-Sartzeko “contactless” sistema erabili beharko da, beraz, hurbiltasun txartela derrigorrezkoa izango da.

-Maskarila beharrezkoa izango da. Kardio guneetan eta saio zuzenduetan kendu ahal izango da.

-Abonatuek eskuoihala eta ura ekarri beharko dute

-Sarreran eta harrera guneetan markatutako bi metrotako segurtasun tarteak errespetatu

Bestalde, Bermeoko liburutegiak ere ateak irekiko ditu astelehenean segurtasun eta osasun neurri guztiak betez. Hala ere, zerbitzu guztiak ez dira eskainiko. Umeen liburutegia eta hemeroteka, adibidez, itxita egongo dira. Ikasketa gelak, ordea, irekita egongo dira, baina aforo erdiarekin. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 15:00etara izango da eta, larunbatetan, berriz, 9:30etatik 13:00etara.

Azkenik, Bermeoko udal liburutegiak pasa den astean ‘Maileguak eta itzulketak etxean’ zerbitzua martxan jarri zuen. Bada, zerbitzu hau eten egingo da erabiltzaileak liburutegiko film eta liburuak bertan eskuratu eta itzuli ahal izango dituelako. Hala ere, maileguak aldez aurretik eskatu beharko dira. Horretarako, telefonoz (946179151) deitu edo posta elektronikoa  (liburutegia@bermeo.eus) bidali beharko da. Sareko katalogoa kontsultatu ahal izango dute erabiltzaileek.

05 / 06 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0