Albisteak

Albistea

Bermeoko jai eta ospakizunak, egoera berrira moldatuta

Segurtasun eta osasun neurriek ez dute aukerarik ematen jaiak urtero egiten diren bezala egiteko eta Bermeoko Jai Batzordeak aho batez onartu du egoera berrira moldatuko diren ekimenak egitea

 

Bermeon, 2020ko ekainaren 4an.- Udan ospatu behar ziren Bermeoko jaiak ez dira beti egin diren bezala egingo. Ez, behintzat, guztiok ezagutzen dugun formatuan. Izan ere, COVID-19ak sortu duen egoerara moldatu behar izango dira ospakizun guztiak, San Juanetatik hasita, irailean ospatzen diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaietaraino. Noski, uztailaren 22ko Madalen Eguna ere ez da ohi bezala ospatuko. Erabakia aho batez hartu zuen joan den astean Bermeoko Jai Batzordeak, gaur egun indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriek jaiak urtero bezala egitea ezinezkoa zela ikusi eta gero. Hala ere, egoera berrira egokitutako ospakizunak nola antolatu pentsatzen dabil Jai Batzordea, urteroko tradizioak ezertan ez uzteko.

Egoerak hala behartuta, beraz, aurten ez dira Bermeoko jaiak betiko moduan antolatuko. Ezta kale eta baserri auzoetako jaiak ere. Indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriek ez dute aukerarik ematen jaiak urtero egiten diren bezala egiteko. Hala ere, Bermeoko Udala eta Jai Batzordea bere osotasunean, aukera ezberdinak aztertzen dabiltza egoera berrira egokituta egongo diren ekintzak antolatzeko. Jende pilaketak saihestea eta osasun eta segurtasun neurriak behar bezala beteko dituzten ekimenak egitea da helburu nagusia.

San Juanetan, adibidez, urtero bezperan Goiko Plazan egiten den sua aurten bertan behera geratuko da. San Juan egunean ere, Gaztelugatxe itxita egongo da eta bertako ermitan ez da mezarik egitea aurreikusten.

Uztailaren 22ko Madalen Egunak ere aldaketa izango du. Ohiturari eutsiz,  Izaron teila bota eta ikurrina eta Bermeoko bandera eskegita jarriko badira ere, aurten ez da Elantxobera eta Mundakara bisitarik egingo. Teila bota ostean, segizio ofiziala Bermeora itzuliko da.

Abuztuaren 16ko San Roke egunean ere urtero Talan antolatzen den arratsaldeko ekimena ez da aurrera eramango.

Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak:

Irailaren 7an hasten diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek ere aldaketa nabarmenak izango dituzte aurreko urteekin alderatuta. Esan bezala, COVID-19ak behartuta hartu behar izan diren neurriek ezinezkoa egiten dute jaiak urtero bezala egitea. Beraz, aurten izango ditugun ekintzak beste era batekoak izango dira. Hau dela eta, Bermeoko Udala eta Jai Batzordea aukera ezberdinak aztertzen ari dira beste era bateko ekintzak antolatzeko, betiere, osasun eta segurtasun neurriak zorrotz betearaziz.

Andra Mari eta Santa Eufemia jaiekin lotura zuzena duen jaietako liburuak aurrera egingo du, ordea. Liburu honek gure herriko jaietako programa jasotzeaz gain, Bermeorekin lotutako istorioak ere jasotzen ditu. Hau dela eta, herritar askok liburua gordetzen dute urtero. Hori horrela izanik eta liburuxka honen azala Bermeoko jaietako kartela izaten dela aintzat hartuz, bai jaietako kartelaren lehiaketarekin eta  jai-liburuarekin aurrera egitea ontzat eman da.

Bizi dugun egoeraren aldakortasuna ikusirik, udalak udan zehar emango du ekintzaz ekintzako informazio zehatzagoa.

09 / 06 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0