Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak turismo-gidaliburua kaleratu du herriko baliabide turistikoak eta sektoreko enpresen eskaintza zabaldu asmoz

-Besteak beste gastronomia, arkitektura, begiratokiak, eskulturak, Gaztelugatxeko San Juan eta enpresa turistikoei buruzko informazioa metatzen dira bere orrialdeetan

-Gidaliburuaren lau mila ale kaleratu dira euskaraz zein gaztelaniaz eta turismo bulegoetan egongo dira eskuragarri

Bermeon, 2021eko maiatzaren 31an.- Euskarri teknologikoz inguratuta gaude eta horietaz baliatzen gara gure jakinmina asetzeko. Baina asko dira oraindik euskarri fisikoa nahiago dutenak informazioa kontsultatzeko, promoziorako antolatzen diren ekimenetan presentzia izateko eta batez ere internet-ek eskaintzen digun erabiltzaile esperientzia ez dutelako guztiz barneratu. Hori horrela, Bermeoko Udalak, herriko baliabide turistikoak eta sektoreko enpresen eskaintza zabaldu aldera gidaliburu turistikoa kaleratu berri du.

Ildo beretik, turismo-gidaliburu honek herria era aktiboan ezagutzeko gonbidapena luzatzen dio bisitariari, jaiak, gastronomia, ibilbideak…bisitari aktiboa du ardatz, haren parte-hartzea sustatuz, alegia, Bermeorekin turista gisa izan dezakeen konpromisoa landuz. Horrez gain, gure nortasunari lotutako gonbidapena ere luzatzen dio atzerritarrari. Bizi gure erara, lan egin gure erara, disfrutatu gure erara, ezagutu gure erara, jan gure erara dira besteak beste erabiltzen dituen eslogan deigarriak.

Eta ez hori bakarrik, aipatutako gidaliburua, gozamena, goxotasuna edo hurbiltasuna bezalako sentsazioez baliatzen da, gure izate eta nortasunaren berri eman eta inguratzen gaituen edertasuna adierazteko. Ezaugarri hauek guztiak Bizi Bermeo markari lotuta daude. Marka horrek, gidaliburuaz gain, web orrialde eguneratu zabal eta sakona eskaintzen du, urteko garai bakoitzari eta bezero potentzialentzako eskaintzari egokitua. Gainera, markaren ardatz  nagusiak borobiltzeko, laster sare sozialak jarriko dira abian, uneko eskaintza ezagutarazten laguntzeko.

Turismo-gidaliburuan ondareari lotutako gaiak lantzen dira, besteak beste, gastronomia, arkitektura edo herriko begiratokiei buruzko informazioa izango du eskura interesdunak. Nola ez, gure herriko paisaia-altxorra den Gaztelugatxeko San Juan-ek ere bere tartea du gidaliburuan, enpresa turistikoei buruzko informazioa, alegia, herriko ostatuak, jatetxeak, tabernak eta turismo aktiboak ere bere txokoa dute bertan eta bukatzeko, baliabide guztiak modu errazean bilatzeko planoa. Horrez gain, QR bidezko loturak ditu, turistek uneoro informazio eguneratua izan dezaten.

Turismo-gida honekin, Bermeo, helmuga erakargarri eta jasangarri legez kokatu nahi du Udalak, gure ondarea, gastronomia, ingurua eta nortasuna balioan jarriz. Gidaliburua turismo bulegoan egongo da eskuragarri eta eskualdeko zein Bizkaiko ostatu, interesgune, museo eta turismo bulegoetan baita ere.

31 / 05 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0