Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak hitzarmena sinatu dute Xixiliren eskultura ikertu eta premiazko esku-hartzeak bideratzeko

-Bermeoko ondarea eta itsas identitate propioa balorean jartzea da Udalaren xedea, udalerriko irudi esanguratsu honen egoera kezkagarria dela ikusita

-Ikerketa eta esku-hartzean Arte ederretako Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko ikasle eta irakasleek parte hartuko dute

-UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzako portu zuzendaritzak eta Bermeoko Udalak elkarlanean gauzatuko dituzte hobekuntza hauek

Bermeon, 2021eko ekainaren 03an.- Bermeoko Udalak eta UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateak Hezkuntza Lankidetzako programa bat garatzeko hitzarmena sinatu berri dute. Bermeoko  portuan dagoen Xixili lamiaren eskulturaren premiazko azterketa eta esku-hartzeak burutu aldera, UPV/EHU, Eusko Jaurlaritzako portu zuzendaritza eta Bermeoko Udala, elkarlanean arituko dira hain egoera kezkagarrian dagoen herriko irudi adierazgarri horren edertasuna berreskuratzeko. Lehen fase honetan eskulturaren egoera aztertu eta esku-hartzea proposatzeko lanak ekainaren 7tik 11ra bitartean luzatuko dira. 

Jose Luis Butron eskultoreak sortu zuen Xixili eskultura 1980 urtean eta Lamerapunteko dikean jarri zenetik herriko itsas identitatearen errepresentazioa den irudiak ez du mantentze-lanik ezagutu. Horrela, Udalak premiazko ikusi du udalerrirarentzako hain esanguratsua den lan honen premiazko azterketa eta esku hartze zehatzak egitea. Alegia, erabilitako sormen-prozesuak eta materialak ezagutzea, kontserbazio-egoera aztertzea eta lana kontserbatzeko zein arriskuak ekiditeko unean uneko esku-hartzeak egitea, besteak beste.

UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko ikasle zein irakasleek premiazko tratamenduak egingo dizkiote Butronen eskulturari egiturazko egonkortasunari eragiten dioten narriadurak geldiarazteko. Enara Artetxe Sanchez eta Jose Luis Larrañaga Odriozola irakasleak hartuko dute parte esku-hartzean Miren Oteros Echeverria ikaslearekin bat.

“Itsasotik datozen enbata eta giro gaziaren ondorioz, kalte larriak ditu. Lamiaren zenbait atal galtzeko arriskuan daude hormigoiak bere sendotasuna galdu duelako irudiaren osotasuna eta ezaugarriak galzorian jarriz. Egoera horrela, Bermeoko Udalak eta Kultura Ondareen Zaintza eta Zaharberritzeko buruzko Graduaren artean hitzarmena sinatu da, graduko Miren Oteros ikasleak eskulturaren azterketa teknikoa, kontserbazio egoeraren diagnosia eta premiazko esku-hartzea Gradu Amaierako Lan gisa garatu dezan”, zehaztu du Jose Luis Larrañaga Odriozola UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasleak.

Hezkuntza lankidetza hitzarmen honi esker, obraren ikerketa egin eta integritatea bermatzeaz gain, Kultura Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko ikasleen unibertsitate-prestakuntza osatzea eta hobetzea ahalbidetuko da, obra errealean ikusi eta esku-hartu ahal izango dutelako.

Aritz Abaroa alkateak adierazi duenez, premiazkoa da lan horiek egitea, Xixili gure ikurra da, gure ondare historiko-artistikoa, denbora gehiegi egon da alde batera utzita. Hitzarmen honen bitartez, gure lamia berreskuratuko dugu eta etorkizun oparoa duten arte ederretako ikasleei egiazko lan batetan esku-hartzea ahalbidetzen diegu. Alde bientzako elkarlan onuragarria da berau.

03 / 06 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0