Albisteak

Albistea

Bermeoko ostalariek formakuntza ikastaroa jasoko dute atunari lotutako esperientzia gastronomikoan erreferente izate aldera

-Bermeo Tuna World Capital-ek sustatuta eta Bermeoko Udalaren laguntzari esker, 10 ostalari profesionalek prestakuntza-programa zabal baten lehen blokea burutuko dute Artxandako Bilboko Ostalaritza Goi Eskolan

-Ikastaroaren helburuak Bermeoko eskaintza gastronomikoaren kalitatea hobetzea eta teknika aurreratu berrietan trebatzea dira, besteak beste

-Aritz Abaroa alkateak eta Ignacio Serrats BWTC-eko presidenteak bisitatu zituzten atzo ostalariak Artxandako Goi Eskolan

Bermeon, 2021eko ekainaren 08an.- Bermeo Tuna World Capital herriko eskaintza turistiko-gastronomikoari balio erantsia ematen dion marka da. Elkartearen helburua, Bermeo, atunaren kudeaketa jasangarrian erreferentziazko hiri bihurtzeaz gain, praktika on horiek aplikatzeko eta atun jasangarriaren kontsumoa sustatzeko gaitasuna balioestea da. Horrela, Bermeoko Udalaren laguntzaz, Nik Bermeon kanpainaren barnean, Bermeo World Tuna Capital-ek atunaren eskaintza gastronomiko berritzaile eta nortasun-sortzailea bilatu asmoz, osatalarien formakuntza programa sustatu du.

Erakunde biek ikusten dute ezinbesteko ostalaritzaren lana, atunari lotutako esperientzia  gastronomikoaren kalitatea hobetzea eta Bermeo erreferentzia gisa kokatzea. Programa honetan herriko 10 ostalari profesionalek esku hartu dute eta 25 irakastorduko prestakuntza-programa jarraituko dute Artxandako Ostalaritza Goi Eskolan. Sukaldaritzako teknika aurreratu berrietan, tokiko produktuaren eta produktu jasangarriaren balorazioan eta osatalaritzako negozien garapenarekin lotutako beste gai batzuetan trebatuko dira.

Izan ere, saioak teoriko-praktikoak izango dira eta erabilera anitzeko gelak zein gela teknikoa erabiliko dira ikastaroa burutzeko, gainera, prestakuntza doakoa da parte-hartzaileentzat. Ikastaroan, arreta berezia jarriko zaio atunari eta berarekin urte osoan egiten den sukaldaritzari. Tunidoen monografikoa, generoaren kontserbazioa, jatxetxe-arloko kostuen kontrola, sukaldearen antolaketa, eskaintza gastronomikoen diseinua eta sukaldaritzari aplikatutako teknika berriak landuko dira besteak beste.

Bestalde, etorkizunari begira, landu beharreko ardatzak ere planifikatuko dira. Horren adibide ostalaritzako lokalen akreditazioa. Hau da, prestakuntzan parte hartzen duten lokalak sustatzeko eta iraunkortasun-printzipioetara egokitzen den lehengaia erabiltzeko baldintzak betetzen dituen tabena, jatetxe edo ostatua identifikatzeko, logo zehatz bat ezarriko da.

Ildo beretik, atunaren ibilbidea Urdaibai/Pintxo Tourren bultzatzeko nahia erakutsi dute bi erakundeek. Eskaintza turistiko-gastronomiko gisa akreditatzen diren ostalaritza-lokaletan atunari edo hegaluzeari behar duen balioa emango zaio, bere arrantzuan jasangarritasunaren baldintzak bete direla ziurtatuz eta era berean, Bermeo, atunaren hiriburu gisa posizionatuz.

Aritz Abaroa alkateak adierazi duenez, “gure herriko ostalarien formakuntza beste aurrerapausu garrantzitsu bat da gure ohiturak, gure bizimodua eta gure produktuak modurik egokienean babesteko. Gureak ditugun nortasun eta produktu propio honen elaborazio anitzak zabaltzeko, elkarlanean jardun behar dugu administrazio, ostalaritza eta kontserba-enpresak”.

08 / 06 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0