Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak biotopoaren segurtasuna eta gunearen antolaketa zorrotza bermatzea eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari datorren uztailean partzialki irekiko duen Gaztelugatxeko sarbidearen inguruan

-Aritz Abaroa alkateak herriko gune enblematikoa berreskuratzeko eskakizuna luzatu dio Aldundiari bisitarien segurtasuna eta biotopoa lehenetsiz

-Udalak ezinbesteko ikusten du trafikoaren antolaketa eta segurtasunaren aldetik Bakio eta Bermeoko Udalen arteko elkarlana sinatzea

Bermeon, 2021eko ekainaren 10ean.-  Datorren uztailaren 1ean Gaztelugatxeko San Juanerako sarbidea partzialki irekiko da. Hori horrela, Bermeoko Udalak biotopoaren segurtasuna eta gunearen antolaketa zorrotza bermatzea eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Azken hilabeteetan harremanetan jardun ostean, gaur bildu dira Bermeoko eta Bakioko alkateak Aldundiarekin, udara begira Gaztelugatxeko San Juanen egoera aztertzeko.

Irekitze partzial honi esker, bertara hurbiltzen direnek Urizarreta eta Ermu artean ibilbide zirkularra egiteko aukera izango dute, bestalde, ezin izango dute irlatxora igaro. Adituen arabera, Ermu eta Lurgorri arteko bidea, uztailaren bukaeran irekiko da eta udazkenaren hasieran irlatxoa eta baseliza bisitatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Aldundiak mendi-hegalaren egonkortasuna aztertuko du etengabe segurtasun neurriak bermatzeko.

Bisitarien joan-etorriak erregulatzeko ticketing sistema eta sarbide kontrolak mantenduko dira eta COVID-19aren aurreko segurtasun neurriak bermatzen direla ziurtatzeko, egunean 960 lagunek bakarrik izango dute biotopoa bisitatzeko aukera, noranzko bakarreko ibilbidearekin.

Horren harira, Bermeoko Udalak, guneko trafiko antolaketarako, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta segurtasunaren kontrola zuzentzeko, Ertzaintzarekin egin beharreko elkarlana proposatu die Aldundiari eta Bakioko Udalari. Aritz Abaroa alkateak azpimarratu duenez, Gaztelugatxeko biotopoaren irekiera pozgarria da nahiz eta partziala izan, “erakundeen arteko koordinazioa ezinbestekoa da, herritarrok gurea den gunea bisitatzeko aukera izateko natur-gunea babestu behar dugu berme guztiekin, segurtasuna ziurtatu, etorkizunean irekiera guztizkoa izan dadin”.

11 / 06 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0