Albisteak

Albistea

Jairik gabeko Madalen eguna beste behin erantzukizunaren bidetik

Taberna, terraza eta txokoetako aforoak kontrolatu eta jende pilaketak saihestu aldera neurri zorrotzak ezarriko dira

Udalak eta herriko ostalariak erantzukizunez jokatzeko eskatzen diete herritarrei

Pandemiaren gaineko datuen eboluzio eskasaren ondorioz uztaileko kultur ekintzak bertan behera uztea erabaki du Udalak

Bermeon, 2021eko uztailaren 20an.- Madalen Egunean ez da jairik egongo, beste behin. Pandemiaren zoritxarreko eboluzioak zuhurtziaz jokatzera bultzatzen du Bermeoko Udala, beharrezko segurtasun neurriak hartuz herritarren segurtasuna bermatzeko. Herriko ostalariak ere egin dute bat Udalarekin, bermeotarrei Madalenak erantzukizunaz ospatzera animatuz.

COVID-19ak eragindako osasun krisiaren aurrean inolako jairik ez egitea erabaki da aurten ere. Ez da erabaki erraza izan, egungo egoerak ez du ahalbidetzen Madalen Eguna ohiko legez ospatzea, izan ere, Mundakako eta Elantxobeko portuak itxita egongo dira jende pilaketak saihesteko.

Udalak ekintza xume bat burutuko du, protokolo zorrotza mantenduz, eta behin burututa portura itzuliko da. Aurten, iaz bezala, ez da ez Mundakako ezta Elantxobeko portura bisitarik egingo.

Bermeok, bestalde, tabernetako, terrazetako eta txokoetako aforoak eta bertako portaerak zorrotz kontrolatuko ditu. Musukoak erabili, distantzia mantendu, indarrean dauden neurriak errespetatu…kontrola indartuko da eta ertzaintzarekin koordinatuta egongo da Udaltzaingoa Madalen egun lasaia bermatzeko. Udalak herritarrei erantzukizunez jokatzeko eta ahalegin berezia egiteko eskatzen die, guztion osasuna jokoan baitago.

Horrez gain, azken egunetako pandemiaren datuen eboluzio kezkagarri eta eskasa ikusita, Udalak, uztaileko kultur ekintzak bertan behera uztea erabaki du, sortu daitezkeen arrisku egoerak ekidin aldera. “Egoera hobetu ahala, beharrezko segurtasun neurriak hartuta, erantzukizunaren bidetik beti ere, kultur-agenda berreskuratzen saiatuko gara” azpimarratu du Aritz Abaroa alkateak.

20 / 07 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0