Albisteak

Albistea

Bermeok Tonpoiko ingurune naturala berreskuratzeko lanen lizitazioa atera du

-Lanak LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren azpiegitura berdeko jardueren baitan sartzen dira

Bermeoko Udalak Tonpoiko ingurune naturala berreskuratzeko lanen lizitazioa atera du. Berau LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren azpiegitura berdearen alorreko jardueretako bat da. Lan hauen aurrekontua 226.262 eurokoa da, eta eskaintzak aurkezteko epea 2021eko urriaren 7an bukatuko da.

Bermeoko udalak gidatzen duen ekintza honen helburua da esparru horren berreskurapen integrala sustatzea, bai ingurumenaren ikuspuntutik eta bai ikuspuntu sozialetik, hiri-ingurumariko azpiegitura berde bat sortzearen bidez. Azpiegitura horrek erabilera publikoa izango du, eta klima-aldaketara egokitutako irizpide jasangarriez egingo da.  Eremu horrek Natura 2000 Sarean sartuta dagoen eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren gune gisa sailkatutako dagoen 3 km-ko kosta-zerrenda bat du, ingurumen-balio handikoa.

Eskatzen diren zereginek 3 hileko iraupena izango dute, eta haien artean honako hauek nabarmentzen dira:

·         Lur-eremuan gauzatu beharreko eraispen-, berdintze- eta garbiketa-lanak.

·         Berdeguneetan gauzatzekoak diren paisajismo lanak.

·         Oinezko bideak eraikitzeko lanak.

Proiektu honen bidez, parke publiko natural bat sortuko da Tonpoin, klima-aldaketak eragindako berotzetik babesteko eremuekin batera.

Urban Klima 2050 proiektua

LIFE Urban KLIMA 2050 europar proiektua da Euskadik gidatzen duen ekimen handinahiena. Beraren helburua da lurraldearen erresilientzia bermatzea, maila anitzeko gobernantzaren ikuspegi batez, alderi interesatu ugari bilduz, eta klima-ekintza errealitatean aplikatuz. Proiektu handinahi hau 2019an abiatu zen, 20 erakundez osatutako partzuergo handi bati esker eta 19,8 milioi euroko inbertsioaz (Europar Batasunak 10,2 milioi euro finantzatu zituen, hau da, aurrekontuaren % 52). Proiektuaren bazkideek helburu handinahi bat ezarri dute, alegia, 40 ekintza gauzatzea 6 urtean, hiru arlo espezifikotan: kostaldea, ibai-arroak, eta hiri-ingurumariak.

LIFE Urban Klima 2050 proiektuak jarduera pilotuak garatzen ditu EAEko hiru hiriburuetan (Bilbo, Donostia eta Gasteiz), baita beste lau udalerritan ere: Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo eta Zarautz. EAEko 7 udal horiek Urban Klima 2050 bultzatzen duen partzuergoaren partaideak dira. Ekimenaren koordinatzailea, berriz, Ihobe sozietate publikoa da, eta haiekin batera aritzen dira Eusko Jaurlaritzako sail batzuk, URA-Uraren Euskal Agentzia, EEE-Energiaren Euskal Erakundea, hiru foru aldundiak eta bost zentro teknologiko eta zientifiko: AZTI, BC3, Tecnalia, Neiker eta Tecnun; eta Naturklima Fundazioa.

04 / 10 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0