Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak ume eta gaztetxoei zuzendutako tailer eta ikuskizunak antolatu ditu urte amaierari begira

-Ekimen hauek azaroko azken larunbatean eta abenduko larunbatetan egingo dira eta izena emateko epea hilaren 18an irekiko da

-Izena emateko edo informazioa jasotzeko jarri harremanetan Gazteria Sailarekin (688819950 watxap zenbakian, 946179158 telefono zenbakian edo giz@bermeo.eus helbide elektronikoan) edo Udalarekin (www.bermeo.eus webgunean)

Bermeon, 2021eko azaroaren 15ean.-  Bermeoko Udalak herriko 6 urtetik gorako haur eta gaztetxoei eskaintza zabala eskainiko die azaro eta abenduko larunbatetan zehar. Izan ere, tailerrak, ikuskizunak, sukaldaritza saioak… antolatu ditu Gazteria Sailaren bitartez. Ekimen hauetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretiko izen-ematea egitea eta horretarako lehen eguna azaroaren 18a izango da.

Azaroko azken asteburuko larunbatean (27an, hain zuzen ere) bi tailer antolatu dira: malabarrak egiten ikastekoa eta beatbox tailerra. Lehena 6-8 urte bitarteko umeei zuzenduta egongo da eta, bertan, abilezia landuko da. Bigarrena, berriz, 9 urtetik gorakoei bideratuta dago eta tailer honen bitartez ahoarekin soinu bereziak egiten ikasteko aukera izango dute parte hartzaileek.

Abenduaren 4ean, 6-8 urte bitarteko umeek eskulanak egin ahal izango dituzte ‘Beldur haizeak’ tailerrean. Euren logela apaintzeko eta ametsak babesteko, amets goxoak izateko eskulan itzela egingo dute. Egun berean, 9 urtetik gorako haurrek terrarioak egingo dituzte. Beirazko ontzi bat erabiliz, barruan lorategia diseinatuko eta apainduko dute. Jarriko dituzten harriak koloretako esmaltearekin apainduko dituzte, norbere gustuko terrarioa eraikitzeko.

Abenduaren 11a ‘Chef eguna’ izango da. 6 urtetik gorako bermeotarrek Mini pizza tailerraz gozatu ahal izango dute. Bertan pizzak egiten ikasiko dute eta baita egiten dutena dastatu ere. Ume eta haur guztiak daude tailer honetara gonbidatuta!

Azkenik, abenduaren 18an, 6-8 urteko umeei bideratutako magia ikuskizuna egingo da eta 9 urtetik gorako gazteek Laize MC-ren rap kontzertua ikusteko aukera aparta izango dute.

Euskal rapean aritzen den Barakaldoko neska gaztea da Laize MC. Hamalau urterekin errimatzen hasi zenetik Euskal Herriko toki ezberdinetan kontzertuak eskaintzen ibili da. Harentzat rapa injustiziak salatzeko eta giza eskubideak defendatzeko arma bat da. Abesti bakoitzean erritmo ezberdinak nahasiz, jaia eta borroka batera joan daitezkela erakutsi nahi du. Hasiberria izanda ere, rapan ezarrita dagoen irudi androzentrista eta harroputza eraldatu eta irudi feminista, iraultzaile eta euskalduna bihurtzea du helburu.

Izena emateko edo informazioa jasotzeko jarri harremanetan Gazteria Sailarekin (688819950 watxap zenbakian, 946179158 telefono zenbakian edo giz@bermeo.eus helbide elektronikoan) edo Udalarekin (www.bermeo.eus webgunean)

15 / 11 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0