Albisteak

Albistea

Penta futbol zelaiko berritze lanak burutu dira

  • Guztira, kirol instalazio honetan, 235.000 euro baino gehiago inbertitu dira
  • Besteak beste, berdegunea aldatu, aldagelak txukundu eta argiteria berritu dira azkeneko hilabeteetan

Bermeon, 2022ko urriaren 11an.- Bermeoko Penta futbol zelaiko berritze lanak bukatu dira. Guztira, kirol instalazio honetan 235.000 euro baino gehiago inbertitu dira, BEZ barne, eta, besteak beste, berdegunea aldatu, aldagelak txukundu eta argiteria berritu dira. “Hilabeteetako lanen ostean, herriko instalazio garrantzitsu hau nabarmen hobetzea lortu dugu, gure helburu estrategikoetako bati erantzuna emanez. Zelaia zaharkituta zegoen. Izan ere, urte askotan zehar ez da inbertsiorik egin bertan eta beharra zegoen berritzeko”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Konponketa lanak argiteriarekin hasi ziren. Zelaiko halogenuro metalikoak LED sistemarekin ordezkatu eta efizientzia nabarmen hobetu zen (%71-ko aurrezpen energetikoa). Lan horiek burutzeko 35.878,15 euro bideratu ziren, BEZ barne. Argiteria ENAGAS enpresarekin sinatutako hitzarmenari esker egin ahal izan zen.

Ondoren, aldagelak txukundu ziren. Besteak beste, igeltserotza, arotzeria eta margotze lanak burutu ziren, instalazioak asko hobetuz. Udaleko brigadak eta Enplegu-Planei esker kontratatutako langileek egin zituzten lan hauek. Bada, abuztu eta irailean zehar azkeneko inbertsioa egin da: berdegunea aldatzea, alegia. Lan hauek burutzeko 198.183,57 euro bideratu dira eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen diru-laguntzari esker 78.460 euro lortu dira lan hauek egiteko.

“Penta futbol zelaiak beste itxura bat du. Pausoka joan gara eta hartu genuen konpromisoa betez, argiteria, aldagelak eta berdegunea bera berritzea lortu dugu. Puntu honetan, eskerrak eman nahi nizkioke ENAGAS enpresari, bere laguntzari esker, herriko gazteek erabiltzen duten kirol instalazio hau hobetu dugulako eta argiteria sare efiziente, moderno eta jasangarriago bat jarri ahal izan dugulako. Kirol instalazio hau oso garrantzitsua da herriarentzako. Herriko ume eta gazte askok bertan kirola egiten dute. Gure helburu estrategikoetako bat da herriko kirol instalazioak hobetzea. Udal honek esfortzu handia egin du zentzu horretan”, bukatu du Abaroak.

11 / 10 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0