Albisteak

Albistea

‘Zeurie be bada’ garbiketa kanpainak bigarren faseari ekin dio

  •  Herritarrak Bermeo garbi eta txukun mantentzeko inplikatzea eta sentsibilizatzea helburu duen ekimen honek ostalaritza establezimenduetan banatuko diren ontzietan, herriko sastar ontzietan margoztu diren jokoetan eta kanpaina bultzatzeko bideoan jarriko du arreta oraingoan
  • ”Guztion inplikazioa behar-beharrezkoa da. Ulertu behar dugu Bermeo gure etxea dela eta merezi duen moduan zaindu behar dugula”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroa

Bermeon, 2022ko urriaren 13an.- ‘Zeurie be bada’ garbiketa kanpainak bigarren faseari ateak ireki dizkio gaur goizean. Izan ere, herriko ostalaritza establezimenduetan eta sastar ontzietan emango ditu hurrengo pausuak oraingoan. Bermeoko Udalak taberna eta jatetxeetan garbitasuna mantentzeko lagungarri izango diren ontzi txikiak banatuko ditu, jabeek barra edo terrazetako mahaietan jarri ditzaten. Gainera, herriko sastar ontzien inguruan hiru jolas (koixopla, labirintoa eta koloreak jarraitu) koloreztatu ditu Udalak, herriko gazteenek ere, jolastuz, garbitasuna eta birziklapenerako ohiturak barneratu ditzaten. Azkenik, Udalak kanpainaren gaineko bideoa aurkeztu du.

“Udan hasi genuen ‘Zeurie be bada’ kanpainak bigarren pausua eman du gaur. Aurkezpenean esan genuen bezala, legealdian zehar egin ditugun galdeketetan behin eta berriz errepikatu den gaia izan da garbitasunarena. Egia da ahaleginak egin ditugula hobetzeko eta hartutako neurriei esker egoerak hobera egin duela baina lanean jarraitu behar dugu. Etengabeko garbiketa lanekin jarraituko dugu eta beharrezko baliabideak jarriko dira horretarako, baina horrez gain ezinbestekoa da herritarren inplikazioan eta kontzientziazioan ere eragitea”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Bermeoko Udalak herriko ostalaritza establezimenduetan hainbat ontzi banatuko ditu. “Guztiok ikusi ditugu tabernetan honelako ontzi txikiak eta oso praktikoak dira. Pintxo bat jaten dugunean pintxoak berak duen makiltxoa non bota galdetzen diogu gure buruari. Gauza bera gertatzen da eskuak garbitzeko erabiltzen dugun papertxoarekin. Bada, honi esker honelako soberakin txikiak toki konkretu batera bota ahal izango ditugu, tabernako edo terrazetako garbitasuna mantenduz. Helburua hondakinok lurrera botatzea ez dela praktika egokia agerian uztea da. Oso garrantzitsua da gure buruari galdetzea zer egin dezakegun Bermeo garbiago bat izateko.”, jarraitu du Abaroak.

Aurkeztu den bigarren ekintza txikienei dago zuzenduta. Izan ere, herriko sastar ontzien (papera edo kartoia, plastikoa eta organikoa) inguruan hiru jolas margotu dira: koixopla, koloreak jarraitu eta labirintoa. “Denon inplikazioa beharrezkoa dela aipatu dugu, baita etxeko txikienena ere. Garbitasun ohiturak, gainerako ohitura gehienak bezala, txikitatik ikasten ditugu eta eurengana hurbiltzeko modu dibertigarria dela iruditzen zaigu. Birziklapen eta garbitasun ohiturak jolas bidez ikasi ahal izango dituzte. Gainera, jokoen inguruan azalpena eskainiko duten karteltxoak jarri ditugu. Ea txikiengana iristea lortzen dugun!”, gehitu du alkateak.

Azkenik, ‘Zeurie be bada’ kanpainaren bideoa aurkeztu da gaur goizean. “Bideoak mezu argia du: ez egin kalean etxean egingo ez zenukeena. Hori bezain erraza da. Bideoak 5 egoera salatzen ditu: txakurren kakak ez biltzea, zigarro puntak lurrera botatzea, pipa azalak edozein tokira botatzea, herriko altzariak apurtzea eta edozein iskinetan txiza egitea. Normala den moduan, etxean ez dugu hori egiten eta Bermeo gure etxea dela ulertu behar dugu. Hori da transmititu nahi duguna irudi hauen bitartez”, jarraitu du Abaroak.

“Bigarren fase honetan, beraz, bi gauza uztartzen dira: garbitasuna mantentzeko elementu praktikoak eta kontzientziazioan eragin nahi duten mezuak. Lanean jarraituko dugu herritarren nahiak betetzeko eta Bermeo garbi eta txukun bat izateko”, bukatu du Aritz Abaroak.

13 / 10 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0