Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plan berria aurkeztu du

-“Plan honek adikzioen gaineko argazki eguneratu eta zehatza ematen digu eta etorkizuneko politiketarako erreminta funtsezkoa izango da”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak

Bermeon, 2022ko urriaren 14an.- Bermeoko Udal Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da adikzioen prebentzioa lantzea. Bada, aurrerapauso garrantzitsua eman da zentzu honetan. Izan ere, Udalak 2022-2026 aldirako Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana sortu du, herritarrekin eta herriko eragile askorekin elkarlanean. Informazioa iturri ezberdinetatik jaso, ordenatu eta aztertu da. “Plan honek adikzioen gaineko argazki eguneratu eta zehatza ematen digu eta etorkizuneko politiketarako erreminta funtsezkoa izango da. Plan honen helburu nagusia da herritarren osasun integrala bermatzea, gehiegizko kontsumo eta jokabide arazotsuak saihestuz”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak gaur goizeko aurkezpenean.

“Gure helburu estrategikoetako bat da herritarren bizi kalitatea hobetzea eta lan-lerro honen barruan sartzen da adikzio eta mendekotasunen prebentzioan aurrerapausoak ematea. Nola ez, administrazio modura, kezkatzen gaituen gai bat da. Emaitzek erakusten dutenez, Bermeo Euskal Herriko beste herrien antzera dago, baina honek ez du esan nahi ez dugunik ezer ere egiteko, ezta gutxiago ere. Ezin gara autokonplazentzian erori. Hurrengo hilabeteetan hainbat pausu emango ditugu. Besteak beste, adikzioen prebentzioan lan egingo duen teknikari bat kontratatuko da, ikasturte honetatik aurrera prebentzio tailerrak Lehen Hezkuntzan ematen hasiko gara gazteenengana iristeko…”, jarraitu du Zumetak.

Adikzioen fenomenoa hainbat komunitatek aspalditik pairatu izan duten arazo konplexua da, gizartearen eraldaketekin batera aldatzen doana eta hainbat forma eta adierazpen har ditzakeena. Gaur egun mendekotasunen kontzeptualizazioa ez da substantzien kontsumoan soilik oinarritzen, baizik eta joko eta/edo teknologiek sor ditzaketen jarrera desegokiei ere erreparatzen die. Hala, mendekotasunen prebentzio lana eredu malgu eta dinamikoetan oinarritu behar da, une eta toki bakoitzeko errealitatearen heterogeneotasunera egokituaz.

Hau horrela, Bermeon ere, herriko behar eta berezitasunei egokitutako adikzioen prebentziora bideratutako tokiko plana sortzea ezinbestekoa dela atzeman da. Izan ere, udaleko plan bat izateak, mendekotasunei aurre hartzeko ekintza eta neurriak ezartzea errazten du, eta baita baliabide anitzen kudeaketa eta antolaketan profesional desberdinen arteko elkarlana eta koordinazioa ere.

Laginak eta datuak:

Udalerrian dagoen substantzien kontsumo eta teknologia digitalen erabilerari buruzko errealitatea zein den jakin ahal izateko bi iturri nagusitan oinarritu da Udala. Batetik, Eusko Jaurlaritzak, 2017. urtean egindako kontsumo eta jarrera adiktiboen inguruko ikerketak izandako emaitzetan eta, bestetik, tokiko informazioa biltzeko, Bermeoko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 796 ikaslek erantzundako galdetegi zabal batean.

Bermeoko bost ikastetxetako ikasleek parte hartu dute, era anonimoan, legezko eta legez kanpoko substantzien kontsumo edota substantziarik gabeko adikzioei buruz duten ezagutza, pentsamendu eta ohiturei buruzko informazioa emanez. Honako hauek izan dira parte hartu duten ikastetxeak: Sagrado Corazón Ikastetxea (201 ikaslek parte hartu dute), Ignacio Arocena-Benito Barrueta BHI (338 ikaslek parte hartu dute), Eleizalde Ikastola (192 ikaslek parte hartu dute), OLH Bermeo (42 ikasle parte hartu dute) eta Nautika Eskola (23 ikaslek parte hartu dute). Aztertutako hezkuntza mailak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3., 4. maila, Batxilergo eta Oinarrizko-, Erdi-, eta Goi- mailako Lanbide Heziketa izan dira.

Bestalde, Bermeoko errealitatearen egungo diagnosi eta beharrak zehaztu ahal izateko, funtsezkoa izan da herriko eragileek substantzien kontsumo eta jokabide arazotsuen gainean duten ikuspuntua ezagutzea. Batetik, 4 eztabaida-talde burutu dira: Hezkuntzakoa; Osasun arlokoa; Ostalaritza, merkataritza, kultur, kirol eta aisialdi elkarteetako ordezkariena; eta Politikoa (Bermeoko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartu dute).

Bestetik, Internet bidez era anonimoan erantzun ahal izan den galdetegi bat zabaldu zen, gaiarekiko interesa duen edozein herritarrei zuzendua. Guztira, 259 herritarrek parte hartu zuten galdetegi honetan.

Hortaz, plana osatzeko, herriko bizitza komunitarioan parte hartzen duten biztanle eta gizarteko kolektibo guztiek egindako ekarpenak kontuan izan dira.

Azkenik, Udaleko Prebentzio Mahaia osatu da. Tresna hau ezinbestekoa izan da prebentzioaren arloko esku-hartzeak eraginkortasunez kudeatzeko. Udaleko hainbat eremutako teknikariek (GOS, Berdintasun Saila, Kultura Saila, Udaltzaingoa, Gazteria Saila…) osatu dute mahaia.

Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana 2022-2026: www.bermeo.eus/1296.html

14 / 10 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0